Lekarozko kolegio berriaren urteurren besta irailaren 15ean ospatuko dute

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 12a, 11:59
Lekarozko kolegio berria 1968an inauguratu zuten.

50. urteurreneko ospakizunean, berriki hil den Jose Antonio Argaña, kolegioko irakasle izana, omenduko dute 

Lekarozko kolegio berriak 1968ko ekainaren 1ean ireki zituen ateak. Inaugurazio ekitaldi hartatik 50 urte bete diren honetan, heldu den larunbatean, hilaren 15ean, institutuan ospakizun ekitaldia antolatu dute. Goiz osoko ospakizun ekitaldietan, bertzeak bertze, ikasle ohiak biltzeko eta garaiko oroitzapenak berrartzeko tartea izanen dute.

 

Egun horretan bertan, ikasle ohiek berriki hil den Jose Antonio Argaña, 1975/1976 ikasturtean gorputz heziketako irakasle izana, omenduko dute. Areago, Argañak bere ikasleengan utzitako arrastoa ageriko eginen dute, prestatu duten ikus-entzunezko baten bidez. Izan ere, ikasleen arabera, berari esker, ikasle aunitzek maila goreneko atletak izatera ailegatzea lortu zuten.

 

Egitaraua

11:00etan hasiko da ospakizun besta, eta bazkari eder batekin borobilduko dute eguna. 11:00etan Txokon bildurik, egiaztagiriak banatu eta gosaltzeko tartea izanen dute. 12:00etan, berriz, eskolan barrena, bisita gidatua izanen dute. 13:10ean dantzak izanen dira ikusgai. Segidan, ospakizun akademikoan murgilduko dira. Diplomak banatu eta Argaña omentzeko

tartea izanen dute, ikus-entzunezkoa ageriko eginez. 13:30ean argazkia atera ondotik, 14:00etan bazkarian bilduko dira.

 

Izen-ematea

50. urteurreneko ospakizun ekitaldietan parte hartu nahi dutenek 626 415215 telefonora deituz eman dezakete izena eta 50 euro ordaindu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun