Lekarozko San Martzial ermita Aroztegiako eremuan dago eta lekaroztarren harridurarako Aroztegiako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren birzatiketa planean baseliza Palacio de Arozteguiaren eskuetan zegoela ikusi zuten. Horregatik, aurtengo otsailean, herriko alkatearen bidez auzibide zibilean ermitaren jabetza defendatzeko eskatu zion Lekarozko herriak Baztango Udalari. Martxoko osoko bilkuran, haatik, aferak lasterrago argitze aldera, udalbatzak ikerketa espedientea abiatzea erabaki zuen eta espedientea abian zelarik, aurtengo udan, Palacio de Arozteguiak gaia auzibide zibilerat eraman zuen. Horrela, atzoko osoko bilkuran, gehiengoak, auzibidean lekaroztarren interesen defentsan aurkeztea erabaki zuen.
Joseba Otondo alkateak ordezkari politikoen lehendabiziko ardura herriko ondasunak babestu eta zaintzea dela erran zuen eta atzoko erabakiarekin, alderdi bakoitza ardura politiko eta publiko horri buruz erretratzen dela.
Modu horretan, ermitaren gaia ondare publikoaren ikuspegitik, Aroztegiako Udalez gaindiko Plan Sektorialak Batzar Nagusiaren oniritzirik gabe bereganatu dituen herri-lurren eztabaidari gehitu behar zaio.