Baztango Udalak mendiko erreketak egiteko prebentzio taldea sortzea eskatu du

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 26a, 09:00

Mendietako larreen erreketak kontrolpean eta segurtasunez egiteko, suhiltzaleen artean izan ohi duten baso suteen prebentziorako taldearen tankerako bat sortzeko eskaria egin dio Udalak Gobernuari.

Mozioan zehazten denez, 2002an baso suteen prebentzioarako taldeak sortu zituen estatuak. Lehendabiziko eginaldirako lau laguneko brigada sortu eta Baztanerat eraman zuten. Geroztik Malerreka, Bortziriak eta Leitzalderat zabaldu dute brigadaren lan-eremua; «baina hasierako lau laguneko kopurua mantenduz eta azarotik maiatzerat aritzen dira» gaineratu dute. Udalak adierazi duenez «beraien lanaldia astegunez da eta herritarrek erreketak asteburuan egin nahiago dituzte». Bertzalde, «baso suteen prebentziorako brigadako kideak urtetik urtera aldatzen dituzte eta eskualdea ezagutu orduko lekutzen dira». Gisa bertsuan kontratazioak, estatu mailakoak izateak, «eskualdea ezagutzea aunitz zailtzen duela» uste dute. Udalaren arabera, «hori guztia aintzat harturik, erreketak kontrolpean egiteko sortutako zerbitzuak gero eta kexa gehiago ditu». Juan Kruz Iriarte zinegotziak erran bezala, Gobernuko arduradunekin «behin baino gehiagotan» bildu eta gaiaz mintzatu dira: «baina ez da deus aitzinatu».


Hortaz, Gobernuari Nafarroa mailako baso suteen prebentziorako talde berezia sortzeko eta «behar bertze langilez eta baliabidez osatzeko» eskaria egin dio Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun