Belateko eta Almandozko tuneletako lanak erritmo egokian doazela jakinarazi du Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 14a, 07:17
Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta teknikariak, joan den ortziralean Belateko tunelean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Belatekoan, langileak 24 orduz aritu dira astelehenetik larunbatera, hiru txandetan

Belateko eta Almandozeko tuneletan segurtasuna egokitzeko eta hobetzeko lanak aurreikusitako epeen arabera burutzen ari dira, eta ibilgailuentzat datozen udazkenean irekitzea espero da, joan den ortziralean Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik azaldu duenez, azpiegitura horiek ikusteko egindako bisitaren ondotik. 

 

Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiko teknikariek adierazi dute lehenengo bi hilabeteetako lanak aurreikusitako errendimendua baino handiagokoak izan direla . Hala ere, egiteko dauden lan batzuen konplexutasun teknikoa dela-eta, tunelak irekitzeko eguna zehaztea zaila da.

Uneoro kontuan izanik N-121-A errepidean ibiltzen diren erabiltzaileei eragindako eragozpenak, Nafarroako Gobernuak bere eskura dituen neurri guztiak hartu ditu Belateko eta Almandozeko tunelak ahalik eta denbora gutxien itxita egon daitezen.

Modu horretan, ekainaren 4an lanak hasi zirenetik lehen bi hilabetetan, Belateko bi bazterbide berri egiterakoan, hiru txandatan egin dute lan 24 orduz, astelehenetik larunbat goizera bitarte. Obrako gainerako unitateetan, berriz, langileek bi txandatan egin dute lan, 6:00etatik 22:00etara. Batzuetan, 60 langile aritu dira tunelen barrenean lan egiten, eta, ondorioz, lanak zorrotz koordinatu behar izan dira, segurtasun eta eraginkortasun arrazoiak medio.

Obren barruko hiru proiektuak aldi berean gauzatzeko hasiera batean 7 hilabeteko epea ezarri zen. Une honetan, lanak puntu honetan aurkitzen dira:

1. Belateko tunelean:

· Bi bazterbide berri egitea. Jardueraren %75a egina dago. Indusketa eta sostengatze lanak burutu dira, eta iragazgaizteko xaflak jartzen amaitzen ari dira.

· Likido toxikoak ebakuatzeko drainatze-sistema. %80a eginda dago.

· Kableak aldatzea. 65 km-ko kableak eskuz kendu behar dira eta beste bat jarri suaren kontrakoa eta egungo prestazio teknologikoa. Obra-unitate honen %25a gauzatu da.

2. Almandozko tunelean:

· Likido toxikoen drainatze-sistema. %80a eginda dago.

· Kable-sistema aldatzea. Kasu honetan, 30 km-ko kableak kendu behar dira eta suaren kontrako beste 10 km jarri. Unitatearen %50a eginda dago.

· Arrain-hezur deitzen direnak jartzea uren iturburuaren zona drainatzeko. %100 egina.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun