Urtez urte aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte. Egiturari dagokionean, 1522an gazteluaren defentsan borrokatu ziren gudariak gogoratzen dituen Amaiurko monolito edo oroitharriaren azpian altxor ikaragarria dago: Amaiurko Gaztelua bera. Aranzadiko langile boluntarioei esker, Amaiurko herritarren laguntzarekin, gazteluaren atalak azaleratu dituzte. Egitura bisitatzeko pasarela batzuk egin zituzten, gazteluaren harresiak zeuden tokian, eta panel informatibo batzuen laguntzaz bisita historiko-kultural ederraz gozatzeko aukera paregabea dago.
Aurtengo lanen artean, beti bezala, mantenimendu lanak egiten ari dira, urteroko garbiketa orokorra. Bertzetik, kubo handian ari dira lanean. 2016an kubo handia bere osotasunean mugatu zuten eta iaz, barneko gela, bizitza, azaleratu zuten. Aurtengo ekitaldian barnekoa husten ari dira, bertan aurkikuntzaren bat eginen dutelakoan. Aurten ere, sarrera nagusian, behin betiko sarrera izanen denean ari dira lanean. Mendixkara igo eta gazteluaren aitzinetik pasa ondoren ailegatzen da sarrera nagusia zenera, eta gerora ere, aurtengo lanen ondotik sarrera nagusia izanen den arkura.
2022. urtea jomugan
Aurten, hegoaldeko eta mendebaldeko arkeologia lanak bukatuko dituzte. 2022. urtea jomugan dute, orduan beteko baitira 500 urte gaztelarrek Amaiurko Gaztelua konkistatu zutenetik eta 100 urte lehenbiziko oroitharria jarri zutenetik. Gazteluaz gain, Amaiur herri sarreran interpretazio gune bat egin nahi dute eta horretarako lursaila erosia dago.
Indusketa lan hauen inguruan, kultur ekitaldiak ere antolatu dituzte. Abuztuaren 9an hitzaldia eskaini zuten Aitor Pescados historialariak eta Aritz Otazu, Mintzoa argitaletxeko kideak, Julio II.a aita sainduak Nafarroa konkistatzeko eman zuen bularen faksimilia aurkeztuz.
Iaz hil zen Enrike Lekuona, Aranzadiko kidearen ‘Amaiur bihotz begietan’ akuarela erakusketa inauguratuko dute abuztuaren 10ean, ortziralean 19:30ean Elizondoko Arizkunenean.
Abuztuaren 13an, astelehenean 19:30ean Amaiurko Otsondo barride elkartearen aretoan Xabier Irujo, historialaria eta Renoko unibertsitateko irakasleak ‘778 Errozabalgo guda’ liburua aurkeztuko du, hitzaldia eskaintzeaz gain.