Aukeran Dantza Konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Fusioak ikuskizuna aurkezten du, eta euskal dantzaren erritmo, soinu eta osagaien eta nazioartekobertze folkloreen arteko fusioa egiten du dantzaren bidez; ikuskizun harrigarri, berritzaile, moderno eta berezi bat.
Ordubeteko ikuskizun bat kalerako eta jende guztiarentzat; kalitate plastiko handia du, hainbat lurraldetako elementuekin, eta, ororen gainetik, ikusleak hunkiarazteko sortu eta pentsatuta dago.
Datozen emanaldiak
Abuztuaren 23an, ortzegunean 18:00etan Mara musikari portugaldarra izanen da Zugarramurdiko lezeetan.
Mara musika portugaldarraren azken ezustekoetako bat da. Iaz, Espainiako eta Euskal Herriko entzuleria konkistatu zuen, zenbait jaialditan (Cáceresko Womad jaialdia edo Getxo Folk jaialdia) eta hiritan edo probintziatan (Valentzia, Burgos, Cuenca, Ciudad Real edo Errioxa), eta, orain lehen aldiz aurkeztuko du Nafarroan Folha do rostro disko txalotua.
Mara ez da fado hutsa, ez da Alenteixoko kantagintza hutsa, ezta folk hutsa ere. Musika portugaldarra da, baina flamenkoarekin eta jazzarekin ere egiten ditu maite-jolasak; saudadez eta sentimenduz betetako leku eta istorioetara eramaten gaituen ahots bikaina.
Egun berean, lezeetara eta Sorginen Museora bisita gidatua eskainiko da. Sarrera 4,50 euro ordaindu beharko da. Erreserbak 948 599004 telefonoan edo info@zugarramurdi.eus helbidean.
Irailaren 7an, ostiralean 20:00etan Leitzako plazan Kepa Junjera eta Sorginak emakume-taldea ariko dira, tradizioa eta sormena elkartuz.
Maletak honako hauen arteko topaketa da: antzinako ohiturak, munduko erritmoetan oinarrituz sortutako musikak eta publikoaren energia. Esperientzia musikal eta visual horretan, Kepa Junkera Sorginak taldeko emakumeekin batera aritzen da; emakume gazte horiek abestu, dantzatu eta mota guztietako perkusioak jotzen dituzte.
Euskaldun unibertsala eta ezinbertzekoa da Kepa Junkera; ororen gainetik, artista handi horrek iraultza ekarri du euskal musikara, hari bizitza berri emateko eta egungo eta garaikide bihurtzeko. Bere talentuari esker, inoiz imajinatuko ez genituen lekuetaraino eraman du bere musika eta, harekin batera, gure kultura. 2004an, Grammy bat eskuratu zuen Bilboko Arriaga Antzokian zuzenean grabatutako lan bati esker.
José Saramago Literaturako Nobel saridunak Etxearen aitzinsolasean esan zuenez: Bada herri musikari bat barruan munduko herri guztiak ordezkatuak dituena, denon etxea balitz bezala. Horren guztiaren arkitekto eta igeltseroak Kepa du izena.
Kepa Junkera: Trikitixa, Perkusioak.
Sorginak: Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Alaitz Escudero, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Leire Etxezarreta, Irantzu Garamendi, Maddi Alberdi, Ane Gonzalez, Olatz Alberdi, Mirea Ibabe (Perkusioak, ahotsa eta dantza).
Javier Cigaren margo erakusketa Bertizen uztailaren 20tik abuztuaren 20ra
Kultur 2018 programazioaren baitan, arte plastikoak Bertizko Jaurerriko Jauregian finkatu dira uztailaren 20tik abuztuaren 20ra bitartean, aunitzek handikeriarik eta zabarkeriarik gabeko pintura lasaiaren maisutzat jo duten Javier Ciga Echandi (Iruña, 1877-1960) margolari nafarraren obrari buruzko ‘Figurazioa eta esentzia’ erakusketarekin.
Egunero zabalik da erakusketa, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Erakusketa doakoa da, baina ordaindu egin behar da lorategi historikora sartzeko.
Lau dira erakusketa honen ardatz tematikoak: errealismo soziala, erretratua, paisaia eta pintura etnografikoa eta alegoriko-sinbolikoa. Amaren aldetik Baztango jatorria zuen Ciga margolaria estu-estu lotuta egon zen eskualde horrekin, maila pertsonalean nahiz piktorikoan.
Cigaren lanak erromantizismoan eta errealismoan ditu sustraiak; lehenengotik, herriarekiko eta hango jendearekiko maitasuna hartuko du, bere lanaren inspirazio-iturri bibiak, eta bigarrenetik, errealitatea islatzeko eta perfekziora iristeko obsesioa, akademizismotik harago. Zorroztasun teknikoa eta ongi ikasitako ofizioa ditu oinarri bere pinturak. Hortik, Pinturara (maiuskulaz) jotzen du: orekatua, barea, nabarmenkeriarik gabea, non ia genero eta teknika guztiak baliatu baitzituen maisutasun handi-handiz. Parisko egonalditik, erabilera berriak ekarri zituen Cigak, nahiz eta bere ideal estetikora lerrotu zen nahita, hots, perfekzio errealistara zein pinturaren balio handietara.
Deus baino gehiago, esentzien eta egien pintorea izan zen Ciga, bere garaiko arima eta gizartearen interpretatzailea.