Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketan bi bikote bakarrik aritu dira: Itxaso Onsalo (Areso) eta Leire Astiazaran (Villabona) alde batetik, eta Irati Astondoa (Zeanuri) eta Nerea Sorondo (Bera), bertzetik. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 epai egin ditu. Espero bezala, Onsalo eta Astiazaran suertatu dira txapeldun eta marka berri bat egitetik segundo erdira gelditu dira. 3 minutu eta 47 segundo behar izan dituzte lana akitzeko. Astondoak eta Sorondok, berriz, 4 minutu eta 49 segundo behar izan dituzte.
Nafarroako emakumezkoen koxkor biltze txapelketan Iturengo Maika Ariztegi izan da eskualdeko ordezkaria eta bera izan da txapeldun, 50 koxkorrak 7 minutu eta 44 segundotan bildu ondotik. Antsoaingo Maialen Lakuntza izan da bigarren (9:00).
Gizonezkoetan, azkenik, Nafarroako koxkor biltze txapelketako kanporaketa jokatu dute bederatzi kirolarik. Beran uztailaren 29an jokatuko den finelerako bortz txartel zeuden jokoan. Iruñeko Alis Alonso izan da bizkorrena (6:38), Iruñeko Aitor Blanco bigarren (6:44), Berroetako Asier Gamio hirugarren (6:44, baina 12 zentesima gehiago behar izan zituen), Imanol Kañamares (Arostegi) laugarren (6:46) eta Fernando Etxegarai beratarra bosgarren (6:50). Beraz, 12 segundoren barrenean 50 koxkor biltzeko lana bukatu zuten bortz kirolari hauek ariko dira igandeko finalean Beran. Lau segundorengatik, finaletik kanpo gelditu da Iñigo Lasaga etxalartarra (6:54). Gaizka Arbizu (Berriozar), Haritz Jamar (Erronkari) eta Gorka Ibiriku (Antsoain) ere finaletik kanpo gelditu ziren, eta 7 minutu baino gehiago behar izan zituzten lanak burutzeko.