Afizionatu mailako Nafarroako erlojupeko txapelketan podiumera igo da Iñaki Irazoki txirrindulari elizondarra

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 25a, 09:10

Iñaki Irazoki podiumaren hirugarren koskan, Lizarte taldeko Urko Berrade eta Asier Ormazabalen ondoan.

23 urtez beheitiko kategorian hirugarren izan zen uztailaren 22an Iturmendin

Iñaki Irazoki txirrindulari elizondarra Nafarroako banakako erlojupeko txapelketako podiumera igo zen uztailaren 22an Iturmendin. Afizionatuetan, 23 urtez beheitiko kategorian hirugarren izan zen Amurrioko Iza Maestre Araba.eus taldean ari den elizondarra.

 

14 kilometroko ibilbidea osatzeko 18 minutu eta 16 segundo behar izan zituen Irazokik (46 kilometro orduko banaz bertzeko abiadura) eta denbora horrek hirugarren postua eman zion. Lehenbizikoa Lizarte taldeko Urko Berrade izan zen (17:39, elizondarrak baino 37 segundo guttiago) eta bigarren Lizarte taldeko Asier Ormazabal (18:04, 12 segundo guttiago). 

Iñaki Irazoki 1997ko urriaren 13an jaio zen Elizondon eta, beraz, 20 urte ditu. Hirugarren urtea du afizionatu mailan eta 23 urtez beheitiko kategorian lehiatzen da. Irazokik Nafarroako selekzioarekin Espainiako txapelketan ere parte hartu zuen ekainean Castellonen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun