Emakumeen Nafarroako koxkor biltze txapelketa eta Euskal Herriko arpana txapelketa erabakiko dira Elizondon Santiago egunez

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 24a, 10:13

Astiazaran eta Onsalo, Nafarroako arpana txapela irabazi zutenean Iruñeko Sanferminetan. Orain, Euskal Herrikoa Elizondon janzteko faborito dira.

Gizonezkoen Nafarroako koxkor biltze txapelketaren kanporaketa ere jokatuko da, Berako uztailaren 29ko finalerako bortz txartelen bila 

Hiru txapelketa jokatuko dituzte uztailaren 25ean, Santiago egunez, Elizondoko Iriarte pilotalekuan, arratsaldeko 6etan. Zehazki, emakumezkoen Euskal Herriko arpana txapelketa eta Nafarroako koxkor biltze txapelketan bertan erabakiko dira. Nafarroako gizonezkoen koxkor biltze txapelketako kanporaketa ere jokatuko da. Hamar kirolari ariko dira, uztailaren 29an Beran jokatuko den finalerako bortz txartelen bila.

 

Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketan bi bikote bakarrik ariko dira, Nafarroako txapelketan aritu ziren berak. Itxaso Onsalo (Areso) eta Leire Astiazaran (Villabona) alde batetik, eta Ainhoa eta Maria Iraizoz (Eltso) bertzetik.Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 epai egin beharko ditu. Iruñeko Sanferminetan Onsalo eta Astiazaran suertatu ziren txapeldun eta orain ere faborito izanen dira.

Nafarroako emakumezkoen koxkor biltze txapelketan Iturengo Maika Ariztegi izanen da eskualdeko ordezkaria. Berekin batera, Eltsoko Ainhoa Iraizoz (arpanan ere ariko dena) eta Antsoaingo Maialen Lakuntza eta Irantzu Anaut ariko dira. 50 koxkor bildu beharko dituzte, 1,25 metrotara jarriak bi lerrotan. 

Gizonezkoetan, azkenik, Nafarroako koxkor biltze txapelketako kanporaketa jokatuko dute hamar kirolarik: Fernando Etxegarai (Bera), Iñigo Lasaga (Etxalar), Asier Gamio (Berroeta), Imanol Kañamares (Arostegi), Gaizka Arbizu (Berriozar), Haritz Jamar (Erronkari), Gorka Ibiriku (Antsoain), Aitor Blanco (Iruñea), Alis Alonso (Iruñea) eta Tasio Ugarte (Antsoain). Hauek ere emakumeen lan bera izanen dute. Lehen bortz sailkatuek finalerako txartela lortuko dute. Finala uztailaren 29an jokatuko da Beran.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun