Protokoloaren beharra
«Kontzientziazioan egitekorik badela, emakumeek* herrietako bestetan dituzten eremuak murritzak direla eta emakumeekiko* jarrera aunitzek kezka eragiten dutela» iritzita, protokoloan aurrerapauso bat emateko asmoz eta besta ereduan genero ikuspegia txertatzeko bildu ziren. Era berean, protokoloa aurkezteko Besta Batzordeko, Gazte Eguneko eta Baztandarren Biltzarrako elkarteko kideekin elkartu ziren eta interesa azaltzeaz gainera, «protokoloa martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten».
Horrela bada, babesa eta laguntza eskaintzeaz harago, «egunerokoan, bizitzako esparru aunitzetan bizi ditugun baina arras barneratuta dauden jarrera matxistak -alkoholaren aitzakiapean justifikatuak daudelakoan areagotzen direnak- identifikatu, gelditu, eraso sexisten aitzinean nola jokatu behar den erakutsi eta salatzearen beharra ikusarazi» nahi dute.
Eraso sexisten aitzinean laguntza
Talde feministatik, eraso sexisten bat jasan duen emakumeari* laguntza eskaini asmoz telefono bat jarri dute martxan: 644 964285, eraso sexisten bat jasanez gero, deitu ahal izateko. Erasoren baten berri izanez gero emakumeari* laguntza nahi duen galdetzen diote lehenik, «momentu oro bere nahia errespetatuz». Laguntza nahi dutenen kasuan, «egoeraren araberako erantzuna» ematen diote.
Erasotua den emakumeari* arreta hobea eskaini asmoz, eta ematen diren eraso guztien kontaketa egin asmoz, udaletxeko berdintasun zerbitzua, osasun zentroa eta talde feministaren artean kordinazio mahai bat osatu nahi izan dute; mahai horretan, bakoitzak bere eginbeharra izanen duelarik. Hortaz, hemendik salatzearen garrantziaz ohartarazi nahi dute.
Eremuak zabalduz
Talde feministako kideek ´bestetako antolaketan, karrikako ekimenetan, etxeko eta zaintza lanak utzi, karrikak hartu eta, bakoitzak nahi bezala, nahi duenarekin, askatasunean, gozatzeko deia egiten die emakume* guztiei.
Modu berean, Elizondoko Besta Batzordearekin batera, bestetarako Egun Morea antolatzen ari dira taldeko kideak. Egun horretan, Baztango emakume* kirolari guztiak goraipatu nahi dituzte, «horietako aunitz goi mailara iritsi arren komunikabidetan agertzen ez direla salatzearekin batera». Horren ondotik bazkari autogestionatua, mikro irekiak, bertso poteoa eta kontzertuak izanen dira. Talde feministaren arabera, «bestak antolatzeko orduan genero ikuspegia txertatzeko pauso bat izan daiteke aurten eman dutena; baina ez litzateke ez egun soil batean ez herri bakar batean gelditu behar» gaineratu dute.
Prebentzioa oinarri
Hori horrela, urtean zehar, Feminikasten ekimenaren harira, hainbat lanketa egin dituzte: «indarkeria sexistaren inguruko hitzaldiak antolatu ditugu, martxoak 8ko grebarako talde feministako partaide ez diren emakumeekin talde bat osatu dugu eta autodefentsa ikastaroan ibili gara». Azken hori «emakumeen saretzea bultzatzeko» baliagarria izan zaie: «autodefentsa feminista kontzeptuan sakondu eta elkarrengandik aunitz ikasi dugu».
Hori horrela, talde feministako kideek, eraso sexisten aitzinean autodefentsa feminista aldarrikatu eta «sistema patriarkalaren aitzinean elkarrekin antolatzeko, indartzeko, zaintzeko… eta libreki gozatzeko dei egiten die emakume* guztiei. Arratsak, karrikak eta parrandak gureak ere badirelako».
Aldi berean, jendarte osoari, eraso sexisten aitzinean besoak gurutzaturik ez gelditzeko eta jarrera aktiboa hartu eta erantzuteko ausardia eskatu dute.