Patxi Larralderen gidaritzapean Baztango Gaitariak azpitaldea sortu zutenetik «hemezortzi urte» pasa dira: «lehendabiziko urratsa Baztango Gaita-dantza berreskuratzeko eman genuen, baina pixkan-pixkan herririk herri ibili gara eta dianak, erraldoiak, dantzak eta kalejirak egin behar izan ditugu». Urte horietan guztietan Baztanen eta inguruko herrietan ez ezik, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko bertze hainbatetan ibili dira gaitariak: «herriko bestetako dianetan, erraldoiekin…».
Beharra lege
Ateraldi horiek «haurrek erraldoiak aunitz maite dituztela eta haien gibeletik leku aunitzetara joaten direla» ohartzeko bide eman zieten. Horrela bada, Baztanen erraldoiak Elizondon bakarrik zituztela kontuan hartuz, beharra izan zen urratsa emateko legea: «bertze herrietan ere behar zituztela pentsatu genuen». Iruritako herriak erraldoi batzuk erosi edo egiteko asmoa izan bazutela ikusirik, «guk asmoa izan bagenuela eta gureak hor izanen zituztela» jakinarazi genien. Horrela bada, egileei «Iruritako bestetarako behar genituela» adierazi genien. Maiatzean aurkeztuagatik, Iruritan egin zuten estreinaldia. Ordutik, «jende andana hurbildu zaigu, egindako lanagatik beraien esker ona adierazteko».
Pentsatzetik egiterako bultzada «gero eta gaitari gehiago garela eta olatua alde genuela» sentitzea izan zen. Urteetan pentsatutakoa «zirt edo zart» egiteko tenorea ailegatu zitzaien. Bilkuraz bilkura ibili ondotik, urtez urte plazako emanaldietan lortutako dirua erabili dute erraldoiak sortzeko: «momentu horretan musu-truk ibiltzen ginen, baina orain zakura botatako diruarekin egin ditugun bi erraldoiak ikustean merezi izan duela sentitzen dugu».
Bi erraldoi horiekin sei dira Baztango erraldoiak: «lau Elizondokoak eta bi gureak», baina bertze bi egiteko asmoa ere badu herriak: «ttikiak egin nahi dituzte, gaztetxoek dantzatzeko». Guztiak, ordea, ez dira enbor beretik sortuak: lehendabizikoak errege katolikoak ziren; orain dela urte batzuk egin zirenak Nafarroako erregeak; eta guk egindakoak sagardogintzatik hartutako bi pertsonaiak: sagar jolea eta sagar biltzailea. «Pertsonaiak zehaztea» izan da zailena. Baina elkartearen izaerari begira, «sagar munduari lotuta» ibili direla aintzat hartuz, «horri lotutako bi pertsonaia egiteko dena alde genuela pentsatu genuen».
Genero ikuspegia irauliz
Ogibide baten erakusgarri diren erraldoiak «toki aunitzetan» badaude ere, «genero ikuspegi aldetik eginiko lanketa» da sagar jole eta sagar biltzaile horien berezitasuna: «emakumea lehenetsi nahi izan dugu, ogibide nagusia, indar handiena behar duena, emakumeari eman diogu. Gizonezkoa, berriz, sagarrak biltzen jarri dugu». Urratsa «ikaragarria ez izanagatik», tradizioa irauli nahi izan dugu: «haurrak erraldoiei begira egoten dira, eta azken batean, eredu hori ere izatea nahi izan dugu».
Erraldoiek bestei «ekarpen handia» egiten dietela uste du: «jende aunitz biltzen dute, ez herrikoa bakarrik… Haurrek ez ezik, gurasoek ere aunitz maite dituzte eta bizpahiru orduko ekitaldian jende aunitz biltzea lortzen dute. Haurrei eta gurasoei elkarrekin gozatzeko bide ematen diete».
Oroitzapenei hautsak kentzen hasita, «haurra edo ez horren haurra» zelarik, erraldoien irudia lausotua badu ere, buruhandiak ateratzean eginiko lasterrak ongi oroitzen ditu: «deabrua burua erdi makur zuela ikusten genuenean beldurka ibiltzen ginen, gaztexago ginelarik korrika alde batetik bertzera, ongi pasatzen genuen».
Buruhaundi eta erraldoien azpian «guti» ibilia da: «duela urte batzuk erraldoiak dantzatzen ikasteko ikastaro bat antolatu genuen eta hor ibili nintzen ikasten baina kanpora ez naiz inoiz atera». Zalantzarik gabe «erraldoien bueltan gaita joz eta tarteka garagardotxo batzuk edanez» hobe moldatzen da.
Elizondotik Amaiurrera, Lekarozera… harat honatean ibiliko dira udan: «aurten agenda estuarekin ibiliko gara, denetara joatea gustatuko litzaiguke… eta ahal dugun guztietan izanen gara». Heldu den urterako ere eskaerak badituzte dagoeneko. Momentuz horrekin«lan aski» dutela adierazi nahi dute: «erraldoiak dantzatzen ikasteko ikastaroak antolatu nahi ditugu».