«Besta Batzordeko ateak lan egiteko gogoa duten guztiendako zabalik daude»

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 23a, 12:07

Imanol Arretxea, Elizondoko Besta Batzordeko kidea.

Imanol Arretxea Goñi, Besta batzordeko kidea

Duela bortz urte, «taldeak jendearen atxikimendua behar zuela ikusirik» hasi zen Imanol Arretxea Besta Batzordearekin hartu-emanean eta ordutik urtero-urtero «hainbertze» gustatzen zaizkion eta «gogoz eta ilusioz» bizi dituen bestak antolatzen ibiltzen da.

 

Ateak zabalik

Otsail hondarrean hasita bestak ailegatu bitarte, azken bortz hilabeteetan, buru-belarri aritu da lanean. Aurten, hamabortz lagun inguru, «inoiz baino gehiago», bildu dira. Halere, guztiendako adina lan izaten dutenez «gazte zein helduendako, lan egiteko gogoa duen edo ekarpenak egin nahi lituzkeenendako» zabalik dituzte ateak.

 

Banatu eta bateratu

Bilera bakoitzean «kide bakoitzak lan bat edo batzuren ardura» hartuagatik, azken hitza taldearena dela adierazi du: «berriz elkartzen garelarik, bakoitzaren lana mahairatu eta ekarpenak eztabaidatzen ditugu, banakako proposamenak taldean bateratzen ditugu». Hori horrela, Arretxeak berak ere ez du ardura jakinik izan: «denetarik egitea tokatu zait eta egitekoen artean egitarauko publizitateak eman digu lan gehien». Zailena, berriz, sentitu eta pentsatutakoa egitean ailegatzen da. Zenbat buru, hainbat aburu izan ohi direnez, argi du «denak kontent gelditzea ezinezkoa» dela. Baina, estimatu ordez, «bestak aitzinerat ateratzea kostatzen den guztia kontutan hartu gabe, gure lana gaitzesten duen jendeak» haserrarazten du.

 

Beharrak asebetez

Elizondoar gazteak aurten uztailaren 26an ospatuko den Gazte Eguna du gustukoen: «gazteak elkartu eta elkartez elkarte ibiltzen garen momentua arras polita da». Oro har, egunez hasitakoa ordu ttikiak arte luzatzea gustatzen bazaio ere, aurten, biharamuna, hilaren 27a, «egun berezia» izanen dutenez neurria hartu beharko dio. Ortziralerako, emakumezkoen presentzia azpimarratzeko asmoz, Egun Morea prestatu dute: «horixe izanen da aurtengo besten bereizgarri nagusia». Bertzalde, aitzineko urteetan zikiro jatera joateko bazkari-txartelak eskas gelditzen zirenez, horri aitzin hartzeko, «gehiago» aterako dituzte. Urtez urte, beraz, beharrak antzeman eta aldaketak proposatzen dituzte batzordean. Partaideek gogotik lan eginagatik «arras ongi» pasatzen dutela gaineratu nahi izan du.

 

Aitzinetik eta ondotik bada egitekorik

Bestak ailegatu aitzinetik egindako lana aski ez eta besta egunetan ekitaldiz ekitaldi ibili behar izaten dute. Momentu horietan gaizkiak kezka eta ongiak besta erranean laburbil daitezke antolatzaileen ardurak. Halere,«azkenean beti bestan bukatzen dugu» dio irriz. Aitzitik, egun guztiak ekitaldiei begira pasa ez ditzaten, «eguneko bizpahiru kidek hartzen dute ekitaldiz ekitaldi ibiltzeko ardura».

Bestak bukatuta ere badira zereginak «gauza batzuk herstea tokatzen da, baina aitzinetik dugun lanarekin konparatuz, hori ez da deus». Zama haundiena «bestak aitzinerat ateratzeko aitzinetik sartzen ditugun ordu guztiak dira». Baina besta egunetan «hain ongi pasa ondotik guztiak merezi izan duela sentitzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun