Zigako orgak eskuratu du Baztandarren Biltzarreko desfileko lehenengo saria

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 23a, 10:30

Altsasuko gurasoek ireki zaten Baztandarren Biltzarrako desfilea. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Eguraldi ona lagun, ehunka lagun gerturatu dira Baztandarren Biltzarraz gozatzera Elizondora, eta Altsasuko gurasoek ireki dute desfilea

Giro ona eta elkartasuna izan dira nagusi uztailaren 22an, egun osoz egin den Baztandarren Biltzarra bestaren 55. urtean. Altsasuko Gurasoek ireki dute goizeko 11:00etan abiatu den orgen desfilea. Haien gibeletik igaro dira Baztango hamabortz herrietako orgak, eta baita Euskal Herriko hamaika txokotatik etorri diren dantzariak, txistulariak eta gaitariak ere. 

 

Behin, desfilea akituta, 14:30ean, 1.500 lagun inguru bildu dira herri bazkarian. Giro paregabea izan da Elizondoko Merkatu zelaian. Gainera, nagusiki Baztango produktuekin osatutako menuaz gozatzeko aukera izan dute.

Bazkariaren ondotik, orgen desfileko lehen hiru postuen berri eman dute Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek. Zigako “Tratantea gosarian, baserria mixerian ta makina bidean” orgak eskuratu du lehengo saria, 58 punturekin. Baserritarrek 1950. hamarkada inguruan aitzinerat egiteko izaten zituzten buru hausteak saltzaileen belarrietara ailegatu eta haiek aprobetxatuz, deizteko makina soinean hartuta herrietara hurbiltzen zirela ekarri dute gogora.  

Gartzaingo “Kaikua, lehengo beharra, oraingo adornue” orga izan da bigarren, 55 punturekin. Bertzeak bertze, gartzaindarrek beren orgaren bitartez, kaikua nola egiten den eta bere erabilera zein den erakutsi dute.

Hirugarren postuan sailkatu den Elbeteko orgaren bidez 70 urte egin dute gibelerat. “Jaeneko kinkeroak” deitutako organ, herrian zerbait hausten zenean, Jaenetik etorritako kinkeroei konpontzeko ematea bertze aukerarik ez zela oroitarazi dute.  45 puntu eskuratu ditu.

Mila euro ere zozketatu ditu Baztandarren Biltzarrak. 1.413 izan da zenbaki sariduna. Hamabortz eguneko epea izanen da saria eskuratzeko. Epea akituta inor agertuko ez balitz, 845 zenbakia izanen da sariduna. Honek ere hamaborz eguneko epea izanen du eta inor agertuko ez balitz, 4.198 da hirugarren zenbakia.

Trikindantz, Oharkabe eta DJ Tirry&Teryrekin dantza eginez akitu da baztandarren besta egun handia.

 

ORGAK

• Amaiur. Neguari kontra egiteko… iñaute giroa eta sukaldeko goxotasuna! Iñaute aroa irudikatu zuten organ.

• Almandoz. Iratzea, azendaren guatzea. Galtzen ari den iratzea egiteko prozesua erakutsi zuten.

• Berroeta. Elixaldeko gasna Elizondoko merkatuan salgai. Ardi gasna egiteko prozesua erakutsi zuten eta Elizondoko merkatura baserriko produktuak saltzera eraman.

• Aniz. Motorra ailegatu da belarretarat. Belarra bizkarrean eramatetik, motorrari esker belartegirat erraz igaitera pasatu ziren.

• Ziga. Tratantia gosarian, baserria mixerian eta makina bidean. Zigara deizteko makina eta intseminazioa ailegatu zirenekoa irudikatu zuten.

• Azpilkueta. Pikete itia. Belaiak edo lur zatiak ixteko piketeak egiteko prozesua antzeztu zuten.

• Erratzu: Bazkoz in: konfesatu, dotrine galdin ta komekatu txartelakin. 1948. Komekatu ahal izateko egin beharrekoa erakutsi zuten.

• Arizkun. Ezkontza Bozateko fondan. 1953an Isidoro,Ameriketatik etorrita, Eulalia Barazabalekin ezkondu zen San Migel elizan.

• Oronoz. Lehendabiziko gazte bazkaria. Arkazkorron elkartu ziren lehenbiziko aldiz neska eta mutikoak, besta egin eta ligatzeko, Debalde txarangaren doinupean.

• Arraioz. Zikiro jatea. Artzaintza goraipatu nahi izan zuten, beraiek ere bestarako tartea ateratzen zutela aipatuz.

• Irurita. Erdiz bizirik! Erdizeko bazkalekua balorean jarri nahi izan zuten, aldarrikapen argiarekin.

• Lekaroz. Piketeak lanak lurrak mugatzeko. Garai batean piketeak egiten zein baldintzatan aritzen ziren erakutsi zuten.

• Gartzain. Kaikua, lehenagoko beharra, oraingo adornue. Kaikuaren prozesu guztia erakutsi zuten, urkia menditik ekarri, kaikua egin eta gaztanbera edota gasna egiteraino.

• Elbete. Jaeneko kinkeroak. Jaendik etorritako kinkeroen konponketa lanak irudikatu zituzten.

• Elizondo. Aita Donostia Lekarozko ikastetxean bere ikasleei kantu klaseak ematen. Koro eder bat entzun ahal izan zen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun