Txartela egun horretan erosterik izan ez duenak, baztandarrenbiltzarra@hotmail.com helbidera idatziz erreserbatzeko aukera izanen du. Ezinbertzekoa da zenbat lagunentzat nahi duen adieraztea, eta ordainketa egitea. Behin ordainketa eginda, txartelak Baztandarren Biltzarra egunean bertan eskuratu ahal izanen dira, goizez, plazan paratuko den txosna ondoko mahaian.
Egitaraua
- 10:00etan artisau erakustazoka Pedro Axular Karrikan (goiz osoan)
- 11:00etan orha apainduen desfilea.
- 14:00etan Mutildantzak Elizondoko Herriko Plazan
- 14:30ean herri bazkaria Merkatuko Zelaian. Bazkalondoko animazioa (Baztango Ioiak, Erein taldearen kantaldia, Baztandarren Biltzarraren komunikatua, orgen sari banateka, tonbolaren zozketa, mutildantzak, larraindantza, muxikoak... )
- 18:00etan Trikidantz-en eskutik dantzaldia Laxoako plazan.
- 20:00etan Oharkaberen eskutik dantzaldia Laxoako plazan.
- 01:00etan DJak (Tirry&Tery) Baztandarren Biltzarraren ostatuan.
Altsasuko Gurasoak aitzinean
Desfileari dagokionean, Altsasuko Gurasoek irekiko dute uztailaren 22ko Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea. Modu horretan, elkarteak babesa eta elkartasuna adierazi nahi die Altsasun, 2016ko urrian izandako liskarraren harira, Espainiako Audientzia Nazionalak zigortu dituen zortzi gazte eta haien senideei.
Iragan urtean ez bezala, besta iragartzeko kartel lehiaketarik ez da egin. Baztango sortzaileei beren portafolioa aurkezteko aukera eman diegu, eta elkarteko adituek hautatu dute Baztandarren Biltzarraren kartelaren egilea nor izanen den. Hala, kartela egiteaz Pello San Millan arduratu da. Kartelaz gain, kamisetak ere egin ditu, eta salgai daude Elizondoko Intza ostatuan; astearte iluntzeetan ere erosi ahal izanen dira Baztandarren Biltzarraren egoitzan.
Bertzalde, Elizondoko Merkatu zelaian eginen den bazkariari dagokionean, bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen du Baztandarren Biltzarrak. Hala, baztandar anitzek ekoizten dituzten produktuek bestaren parte izaten jarraituko dute.
Hondakinei dagokienean, ahalegin berezia eginen da bestan sortzen diren hondakin kopurua murrizteko. Edalontzia berrerabili, bestan zurekin ibili lelopean, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko da bertze urte batez. Gainera, orgak desmuntatzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko plan berria jarri dugu martxan Baztango Udalaren laguntzari esker. Horri esker, hondakin mota bakoitza dagokion tokira botatzeko aukera izanen dute parte hartzaileek.
Azkenik, nabarmendu nahi izan dute Baztandarren Biltzarrean ez dela inolako eraso sexistarik onartuko. «Izan ere, besta denendako da; elkar errespetatuz denek ongi pasatzeko eta gozatzeko. Ondorioz, edozein salaketen aitzinean eraso sexisten protokoloa martxan jarriko dela» ohartarazi du elkarteak.