Txapeldunak lehen garaipena lortu du finalerdietan, baina deus ez da erabaki

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 16a, 10:25
Irurita Miguelene gaur egungo txapeldunak joko bakarrarengatik irabazi du finalerdietako joaneko partida.

Irurita Miguelenek 9-8 irabazi zion Doneztebe The Moment taldeari, 0-5 galtzen joan ondotik

Baztan-Errekako XXXIX. Laxoa txapelketako finalerdietako partida bakarra jokatu da asteburu honetan, baina ez nolanahikoa! Azken bi urtetako txapeldunak, Irurita Miguelenek Doneztebe The Moment taldea hartu zuen etxean, beharbada txapelketako partidarik onenean. Doneztebarrak 0-5 aitzinetik izan ziren, baina iruritarrak 9-8 nagusitu ziren azkenean.

 

Irurita Miguelene: Xabi Barberena – Gorka Urtasun – Egoitz Prim –  Jagoba Ramos.

Doneztebe The Moment: Pascual Vertiz – Julen San Miguel – Jokin Arraztoa – Javier Vertiz.

Markagailua: 0-5, 7-5, 7-8, 9-8.

Iraupena: 2 ordu.

Espero zen bezala, kanporaketa Doneztebeko Bear Zana plazan erabakiko da. Markagailuari begiratzen badiogu, Iruritako partida hau arraroa suertatu zen, baina giro, emozioa eta joko maila hagitz onak. Agian, txapelketako partidarik onena. Bai doneztebarrek bai iruritarrek egin zituzten beraien joko boladak ez ziren normalak, bi lehenbizikoak ezik gainerakoak arras borrokatuak izan zirelako; kintze eta arraia bakoitza partidako azkena zela ematen zuen. Pilotari eman zioten abiadura izugarria izan zen, batez ere lurrean barna ibili zenean.

Larunbatean Bear Zana plazak hartuko dituen bi partidetan berriz ere giroa ederra izanen da. Izan ere, itzulerako partida, uztailaren 21ean, larunbatea 11:30ean jokatuko dute. Era berean, Doneztebe Avia eta Arraioz Sagardiaren arteko finalerdietako lehen partida jokatuko da, larunbatean 17:30ean.

 

Doneztebe Avia: Javier Almándoz – Asier Mutuberria – Jokin Apezetxea – Juan Telletxea.

Arriaoz Sagardia: Mikel Mindegia – Xabier Mindegia – Jon Gamio – Xabier Bengoetxea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun