Plataformako kideek Baztango «baserri, jauregi, belai berdeetan bazkatzen diren behi, ardi eta larre pottokak, paisaia; baztandarren mintzo xaloa; eta Batzar Nagusia eta herrietako batzarrak, antolamendu instituzional zaharra» nabarmendu nahi izan dituzte, «jakin min berezia sortzen duen» bailararen «bereizgarriak» nabarmendu nahi izan dituzte.
Horrela, «ohiturez marraztutako margolanaren gibelean eguneroko problematika» nagusitzen dela adierazi nahi izan dute: «baserri eta jauregiak ederrak dira arras baina Baztanen 800 etxe huts baino gehiago ditugu». Horren aitzinean Palacio de Aroztegia SLren proiektua gaitzetsi dute: «228 famili bakarreko etxebizitza egin nahi ditu. Gure belai berdeak ez dira paisaia basati hutsak, baizik nekazalgoak lurrarekiko duen harremanaren ondorio. Egunetik egunera adinez zaharragoa den nekazalgoa, beti egitasmo txikitzaileen mehatxupean dagoena».
Gisa bertsuan, proiektuak «baztandarren mintzo xaloa kaltetuko duela» uste dute: «gure mintzo xaloa gaur den egunean oraino goxoki zaindu behar dugun ondare hauskorra da, zenbait ikerketen arabera proiektu honek anitz kaltetuko lukeen ondarea». Nafarroako Gobernuak «UGPSaren bitartez» Batzar Nagusiari eskumenak kendu dizkiola salatu nahi izan dute: «baztandarren erabakitzeko tresna ebatsiaz eta Aroztegian bertzeren artean golf belaia inposatzeko, gure borondatearen aurka eta herri lurrak zein nekazarienak bereganatuz».
Hori guztiagatik, «parajeak ezagutzeko, parajeez gozatu eta atsalde pasa goxo bat egiteko, gure 11 borroketako baten zergatia ulertzeko», ibilaldiak antolatu dituzte. Diptikoetan bildurik turismo bulego eta landetxe eta ostatuetan, baita aroztegiaetagerozer.eus webgunean jarri dituzte.