Artearen Ibilbidearen harira, aste hondarrean aukera gehiago zabalduko dira

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 11a, 08:58

iOlio formatu handian eginiko 'Emotiva', 'Studies and sketcges', 'In Somnia', 'In Harlemen' eta 'Paisaiak' lanak izanen dira ikusgai

Uztailaren 20tik irailaren 2ra bitarte Diana Iniestaren lanak izanen dira ikusgai Erratzun.

Baztango Artearen Ibilbidea uztail hasmentan ireki zen. Ordutik Elizondoko Braulio Iriarte kalean dagoen Errotazainea etxeko ateak irekita daude. Bertan Kattalin Arizmendi, Erregerena Anaiak, Miren Irigoien eta Juan Lamerinhasen eskutik, argazki ederrak ikusteko aukera dute bisitariek. Irailaren 2ra bitarte, egunero 09:00etatik 22:00etara bisitatu ahal izanen da.

Bien bitartean, aste honetan, aukerak zabalduz joanen dira. Hilaren 12an, ortzegunean, Arizkungo Sastenea Etxean, Xabier Soubeleten pintura erakusketa abiatuko da, irailaren 2ra arte ikusi ahal izanen dena (ortzegunetik igandera 11:00etatik 13:30era eta 14:00etatik 20:00etara). Igande horretan bertan, uztailaren 15ean, Santxotena Parke Museoko pintura eta eskultura erakusketa irekiko dute Arizkunen: Teresa Lafraguaren margolanak eta eskulturak abuztu hondarrera arte izanen dira ikusgai (asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta igandetan 11:00etatik 14:00etara).

Pintura ez ezik, argazkiak, bideoak eta poemak bilduz, Diana Iniestaren sormen-lanak ikusi ahalko dira Erratzun, uztailaren 20tik irailaren 2ra, arratsaldez (18:30-21:00). Epe berean Elizondon Tomas Sobrinoren ‘Entre miradas’ erakusketako ateak irekiko dituzte, Arizkunenea Kultur Etxeko 1. Solairuan (11:30-13:30 eta 18:00-21:00).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun