«Bestak bukatuta Baztandarrenen esperoan egoten naiz»

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 6a, 10:04

Maria Barrenetxe, Azpilkuetako gaztea

 

Zein zaletasun dituzu?
Aunitz ditut, baina batzuk aipatzekotan lagunekin eta familiarekin egotea, mendira joatea eta musika aditzea gustatzen zait.


Bestazalea al zara?
Kimika ikasten ari naiz eta, unibertsitateko lanak eta azterketak tarteko, aunitzetan lagunekin egoteko denborarik ez dudanez, noizbehinka bestaz ateratzea beraiekin egon eta ongi pasatzeko aitzakia ona da. Ateratzen  naizenetan ahal dudan hoberen pasatzen saiatzen naiz.


Herrikoak berehala dituzue...
Bai... Herri ttikia izaki, Azpilkuetan denak elkartzeko eta betiko lagunekin egoteko aprobetxatuko dut.


Gehien gustatzen zaizun eguna?
Gazte Eguna gustatzen zait gehien, bai bazkarian, bai ondotik egiten ditugun jokoetan ere, giro ederra izaten dugu. Aitzinetik, ordea, bezperako afariaz gozatu behar dugu!  


Eguna edo gaua nahiago izaten duzu?
Ez dute zerikusirik, biek dituzte gustuko ditudan gauzak... Ezingo nuke bat aukeratu. Deskantsatzeko eta indarberritzeko tarte bat hartuz gero, momentu guztiek dute beraien berezitasuna.


Zer falta zaie Azpilkuetako bestei?
Deus, niri diren bezala gustatzen zaizkit... Baina zerbait erratekotan jende gehiago etortzea...
Azpilkuetakoen ondotik...


Urteko bertze ekitaldi berezienetako bat dator, Baztandarren Biltzarra. Aurten uztailaren 22an izanen da, eta egun horretan ez dut hutsik eginen.


Asteburuko planik hoberena?
Neguko egun euritsuetan nire ahizpekin kartetan jostatzea gustatzen zait; udan, berriz, mendira edo hondartzara joatea.


Inguruko txokorik politena?
Ez dakit politena den, baina Azpilkuetako mendietatik ikusten diren Baztango bistak ederrak dira.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Bizitzak dakarren hori bizitzeak, deus gehiago. Gauza bereziez eta egunerokotasunak eskaintzen duen lasaitasunaz gozatzeak.


Amets bat?
Ahal dudan leku gehienetara bidaiatzea, tokiak eta jendea ezagutzeko aukera izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun