Aipatu kontseilua osatzeko proposamena, Baztanen egiten ari denari batasuna emateko beharrak sorturik heldu da. Izan ere, elikaduraren ikuspegi sistemikotik azkeneko urteetan eragile desberdinak gauza desberdin aunitz egiten ari baitira Baztanen: komunalak kudeatzeko ordenantza berria, hiltegiko zatitzeko gela, nekazal azpiegitura desberdinak, udaberriko feriaren sasoiko lehen gasnaren mozketa, haur eskolako sukalderako baldintza berriak, Baztango eskoletako jangeletako azterketa, “Zer jan, halako Baztan” kanpaina, Baztango agroekologia eskola herritarraren egitarau zabala, Baztango Zaporeak-en sorrera, Elbeteko ostatuak erdietsitako slow food saria eta bertako gasnagileek eskuratutakoak, elikagai-bankua, etxez etxeko otordu zerbitzua, Iruritako baratze hezitzailea, Baztandarren Biltzarreko bazkarian bertako aratxea zerbitzatzea… Zerrenda luzea izanda, Baztanen egiten diren jarduera desberdinak bateratzeko, ikuspegi sistemikoa lantzeko eta elikaduraren gaiak bailarako garapen sozioekonomiko eta soziokulturalean duen garrantzia erakusteko, tokiko elikadura sistema landuz ekonomia eta enplegua, osasuna eta ingurugiroa, kohesio soziala e.a. lantzeko asmoarekin sortuko da kontseilua.
Kontseiluan udaleko ordezkari politiko eta teknikoetaz gain, Baztango eragile sindikal eta sozialean parte hartze zabala aurrikusten da.