Alava Sareari buruzko erakusketa Elizondon ikusgai paratu dute

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 2a, 12:43
Josu Chueca erakusketako komisarioa, Uxue Barkos eta Koldo Martinezekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Bittori Etxeberria Agerrebere elizondarra (1909-1997) espioitza sare horretako zutabea izan zen

Alava sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947) izeneko erakusketa ikusgai dago Elizondoko Arizkunenea kultura-etxean, ekainaren 30etik uztailaren 18ra (astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara). Josu Chueca, UPV/EHUko historialari eta idazle nafarra, dugu erakusketaren komisarioa. Berekin batera, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, Koldo Martinez parlamentaria eta Joseba Otondo alkatea izan ziren ekainaren 29ko irekiera ekitaldi jendetsuan.

 

Honako erakusketa hau Luis Alava Sautu −Alava sarearen ordezkari eta arduradun nagusia− fusilatu zutenetik 75 urte beteko direla gogoratzeko ekitaldien barruan antolatu da. Luis Alavaren izenaz bataiatu zuten sareak, 1936 eta 1940 urteen artean, hots, Gerra Zibilak iraun zuen artean eta Francoren diktaduraren hastapenetan, ezin ahala konta elkartasun-ekintza gauzatu zituen presoen, erbesteratuen eta familien alde. Era berean, sareko kideek postariarena egin zuten atxilotutako agintarien eta erbesteratutakoen artean eta, gainera, aliatuentzako espioitza-lanetan aritu ziren.

  

Alava Sarearen Baztango konexioa

Aipatutako helburua betetzeko, jakin dugunez, ia-ia berrogeita hamar kidek osatu zuten Álava sarea. Bertako partaideak nekazariak, langileak, administrazioko langileak, apaizak… eta emakumeak izan ziren; azken batean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gizarte-maila guztietako pertsonak, batez beste, 40 urtekoak, Luis Álava nagusiena zela (49 urte zituen orduan). Nolanahi ere, sarea gogoz uztartu zutenak lau emakume aparta izan ziren: Bittori Etxeberria, Itziar Mugika, Tere Verdes eta Delia Lauroba.

Bittori Etxeberriak, Pepita Etxano ezizenez, hilabete batzuk eman zituen zigortuta Iruñean. Geroago, Baztanera itzuli eta mugalari-lanetan hasita, frankismoaren aurka aritzen ziren antolakundeetako 200 militante baino gehiago eraman zituen Iparraldera. Euzko Gudarosteak Santoñan amore eman ostean, lau emakumeak euskal soldadu presoei laguntzen hasi ziren, janaria eta arropa eraman zieten eta, batik bat, elkartasuna eskaini zieten. Hasierako laguntza hori emateaz gain, emakumeak postariarena egiten hasi ziren atxilotutako eta erbesteratutako burukideen artean. Gainera, Bittori, Itziar, Tere eta Delia presoei ezarritako auzien eta zigorren gaineko informazioa biltzen hasi ziren. Heriotza emateko arriskuan zeuden presoei zegokienez, atzerrialdian zeuden agintariek kantzelaritzei eta agintari frankistei eragin ahal zieten pertsonei jakinarazten zieten informazioa eta, horrela, preso asko bizirik irten ziren.

Álava sarea ez zen zeregin horietan bakarrik aritu. Bigarren Mundu Gerraren atarian eta gatazkaren lehen hilabeteetan, sareak informazioa eman zien aliatuei Espainiako baliabide militarren inguruan, Pirinioak defendatzeko lanen inguruan, armen inguruan, alemanek eta italiarrek Espainian egindakoen inguruan… horrela gauzatu zen uskal laguntza mundu gerran parte hartu zuten potentzia demokratikoentzat.

Frantzia okupatu ondotik, 1940. urtean, sarea desegin zuten Espainiako eta Alemaniako poliziek Eusko Jaurlaritzaren Parisko ordezkaritzan hartutako informazioa baliatuz. Sarea osatzen zuten berrogeita hamar bat kide atxilotu zituzten 1940-1941eko neguan eta, horietatik guztietatik, epaiketa sumarisimoa egin zieten 21 laguni. Lehen epaiketan, epaimahai militarrak 19 heriotza-zigor ezarri zituen. Azkenik, Luis Álavari heriotza-zigorra ezarri zioten eta 1943ko maiatzaren 6an erail zuten, Madrilgo Ekialdeko hilerrian. Gainerakoen artean, 19 laguni espetxe-zigor luzeak ezarri zizkieten eta bakarra utzi zuten libre.

Álava sareko partaide izateagatik auziperatu zituzten guztien herena (7) nafarrak ziren. Horietan, Bittori Etxeberria Agerrebere nabarmendu behar dugu, sarearen egiazko ardatza. Esaten denez, Bittori Etxeberria elizondarrak “sortu zuen antolakundea”. Berak egin zituen lehen urratsak. Eta “Bittoriren lan-baldintzak agente guztienen arteko txarrenak izan arren” “harreman guzti-guztien oinarria izan zen”. 1940ko abenduaren 20an atxilotu zuten eta erabateko askatasuna berreskuratu zuen 1947an.

Alava Sareko kide eta Baztan haraneko auzoak ziren baita ere Bittoriren anaia Esteban eta Felicitas eta Agustin Ariztia Ibarra anai-arrebak. Hiru sarekideok, nahiz eta agenterik puntakoenak izan ez sarean, ez ziren garrantzi gabeak izan. Beraien partaidetza ere ezinbestekoa suertatu zen hari antifrankista honek burutu zituen ekintzetan.

 

Erakusketa eta dokumentala

Era berean, emakume eta gizon horien jarduna erakutsi, sareak iturri izan zituen arrazoi humanitario eta politikoak azaleratu eta, batez ere, erresistentziako ekintzaile anonimo gisa eta faxismoaren aurkako borrokan izan zuten garrantziagatik, emakumeen ekina nabarmentzeko, Sabino Arana Fundazioak Álava sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza. 1936-1947 izeneko erakusketa ibiltaria antolatu du.

UPV-EHUko Historia irakasle Josu Chueca dugu erakusketaren komisarioa.  10 panelek osatzen dute erakusketa eta, haietan, anonimatuan jardun zuten emakume eta gizon haiek erakutsitako adore eta kemenaren berri ematen da; panelen osagarri, hamar arasa ikus daitezke, gaurdaino argitaratu ez diren argazki, gauzaki, plano eta agiriz eta sareko kideek espetxealdian idatzitako egunerokoez hornitutakoak; era berean, antolakundeko emakume eta gizonen kontra bideratutako sumarioan erabili ziren jatorrizko agiriak ikus daitezke eta, azkenik, gizon-emakume haiek egindakoen testuingurua ulertzeko dokumentala emango da.

Baleukok ekoitzitako ‘Álava sarea, emakume ikusezinen sarea’ izeneko dokumentalean, sarean esku hartu zuten emakumeen jatorrizko ahotsak entzun daitezke. Iñaki Madariagak, berriz, marrazkiak egin ditu eta senideek, kazetariek, idazleek eta ikertzaileek ere parte hartu dute.

Erakusketaren ibilbideari jarraiki, bisitariek Álava sarea osatu zuten emakumeetatik hiruren jatorrizko lekukotasunak entzun ahalko dituzte -Sabino Arana Fundazioaren agiritegian gordeta daude lekukotasunok-. 80 urte igaro ondoren, Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazleak 70eko hamarkadan egindako elkarrizketa batean, Bittori Etxeberriak, Itziar Mujikak eta Delia Laurobak (Tere harrezkero hilda zegoen) sasoi hartako bizipenak kontatu zituzten.

 

“Álava sareko partaideak. Guztiak auziperatu eta kondenatu zituzten
103.590 epaiketa sumarisimoan”

 

Luis Álava Sautu (fusilatua)

Bittori Etxeberria Agerrebere (30 urte)

Delia Lauroba Ieregi (20 urte)

Itziar Mugika Irastorza (30 urte)

María Teresa Verdes Elorriaga (25 urte)

Agustín Ariztia Ibarra  (25 urte)

Julián Arregi Garaigordobil (30 urte)

Ignacio Barriola Irigoien (20 urte)

Luis Cánovas Luengo (25 urte)

Antonio Causo Molinos (20 urte)

Esteban Etxeberria Agerrebere (30 urte)

José Etxeberria Artola (30 urte)

Félix Ezkurdia Elizari (20 urte)

Rafael Gómez Jauregi (25 urte)

Víctor González de Herrero Ugalde (20 urte)

Rafael Goñi Latasa (25 urte)

Francisco Lasa Arabaolaza (20 urte)

Felipe Oñatebia Carmona (30 urte)

Inocencio Tolaretxipi Ikuza (25 urte)

Modesto Urbiola Orokieta  (25 urte)

Celestino Olaizola Zalbide (errugabetzat jota)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun