Baztango 2018ko Artearen Ibilbidearen geldialdiak zehaztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 2a, 06:58
Errotazaineko argazki erakusketarekin abiatu da Artearen Ibilbidea Baztanen.

Udako kultur eskaintza abiatu da Elizondoko Errotazainean uztailaren 1etik irailaren 2ra zabaldu den argazki erakusketarekin 

Baztango kultura-batzordeak, udan bailaran daukaten kultur eskaintza bilduz, Artearen Ibilbidea gida argitaratu du. Guztira hamahiru aukera eskaintzen ditu gidak, Elizondoko, Arizkungo eta Erratzuko margolanen, eskulturen, argazkien eta literatura-lanen erakusketak ezagutzeko proposamenak bilduz. 

 

Artearen Ibilaldean zehazturiko geldialdiek uztailaren 1ean izanen dute hasmenta. Zehazki, Elizondoko Braulio Iriarte kalean dagoen Errotazainea etxeko ateak izanen dira irekitzen lehendabizikoak. Bertan Kattalin Arizmendi, Erregerena Anaiak, Miren Irigoien eta Juan Lamerinhasen eskutik, argazki ederrak ikusteko aukera izanen dute bisitariek. Irailaren 2ra bitarte, egunero 09:00etatik 22:00etara bisitatu ahal izanen da.

Hilaren 12an, ortzegunean, Arizkungo Sastenea Etxean, Xabier Soubeleten pintura erakusketa abiatuko da, irailaren 2ra arte ikusi ahal izanen dena (ortzegunetik igandera 11:00etatik 13:30era eta 14:00etatik 20:00etara). Igande horretan bertan, uztailaren 15ean, Santxotena Parke Museoko pintura eta eskultura erakusketa irekiko dute Arizkunen: Teresa Lafraguaren margolanak eta eskulturak abuztu hondarrera arte izanen dira ikusgai (asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta igandetan 11:00etatik 14:00etara). 

Pintura ez ezik, argazkiak, bideoak eta poemak bilduz, Diana Iniestaren sormen-lanak ikusi ahalko dira Erratzun, uztailaren 20tik irailaren 2ra, arratsaldez (18:30-21:00). Epe berean Elizondon Tomas Sobrinoren ‘Entre miradas’ erakusketako ateak irekiko dituzte, Arizkunenea Kultur Etxeko 1. Solairuan (11:30-13:30 eta 18:00-21:00). 

Uztail hondarretik, 28tik, abuztuaren 15era bitarte, Jose Mari Apezetxearen erakusketa-omenaldia eta Roque Lasaren pintura erakusketa bisitatzeko geldialdia izanen dute Erratzun dabiltzan bisitariek. Zubietea etxean egunero sartu ahal izanen da (18:30etik 20:30era). Noa Larreguiren ‘Basque fusion’ pintura erakusketa eta Jakoba Zubikoaren eskultura erakusketa, berriz, bi alditan banatuko da: batetik, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean uztailaren 24tik 29ra; eta bertzetik, Jaime Urrutia karrikan, 16 zenbakian, abuztuan, egunero  (11:30-13:00 eta 18:00-21:00). Jaime Urrutia karrika berean, Jose Luis Alzugarairen margolanak ikusteko parada izanen da (3.zenbakian), uztailaren 24tik urrira bitarte (egunero, 19:00etatik 21:00etara). 

Erakusketa batzuetako ateak itxi eta bertzeak irekiko dira irailean. Elizondoko Bergarenea etxean, erraterako, Ana Mari Marinen erakusketaz gozatu ahal izanen dute bisitariek irail osoan.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun