Maila mantenduko du Menditarrak BRT errugbi taldeak

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 28a, 06:30
Maila berean ariko da 2018-19 denboraldia Menditarrak BRT errugbi taldea.

Durango Rugby Taldeak goitiko kategoriari eutsi dionez, baztandarrak ez dira jautsiko

Duela hilabete bat baino gehiago akitu zuen denboraldia Menditarrak BRT errugbi taldeak, baina oraindik ez zekien hurrengoan, 2018-2019 denboraldian zein mailatan ariko zen. 

 

Izan ere, Euskal ligako lehenbiziko erregionalean azken aurreko postuan sailkatu ondotik, maila mantentzeko promozioa ere jokatu behar izan zuen Irungo Txingudi Rugby Taldearen kontra. Irundarren kontrako bi partidak nagusitasunez irabazi arren, goitiko kategorian gerta zitezkeen euskal taldeen jautsieren menpe zeuden oraindik. Maila horretan, asteburu honetan jokatu da promozioko itzulerako partida eta joanekoan bezala, Durango Rugby Taldeak irabazi egin dio Asturiasko Belenos taldeari. Hortaz, Menditarrak BRT taldeak mailari eutsiko dio eta euskal ligako lehen mailan jokatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun