Lana eta besta uztartuz
Lanak lan eta ardurak ardura, bestak «gogo aunitzekin» bizi ditu Iriartek. Zopa jatea, suak, Arizkun Rock, zikiroa… herrian urtean behin izaten direnez, «egunei ahal bezainbertzeko etekina ateratzen» saiatzen da. Berriki arte «egunik gogokoena zopa jate eguna izan da» eta «suak saltatzea arizkundarrok galdu ezin dugun hitzordua da». Baina azken urteetan Arizkun Rock jaialdiak hartu duen «indarra» tarteko, ez luke bat aukeratzen jakinen. Kontzertuak 2006tik antolatzen badira ere, Arizkun Rock izenez laugarren urtea dute eta «urtetik urtera jende gehiago bertaratzen da, joan den urtean plaza gainezka zegoen, inoiz ez bezala». Hitz guttitan, «herriaren lan gogorrez eta batez ere gazteen izerdiz aitzinera ateratzen dugun jaialdia da, musika onaz inguruko jendearekin gozatzeko aitzakia bikaina».
Arizkungo bestei «egun batzuetan arratsaldeak girotzea falta zaiela» uste badu ere, «dena behar bezala lotzea eta ekitaldi guztiak arrakastatsuak izatea ez da dirudien bezain aise lortzen». Hori horrela, Iriartek «gaueko musika eta giroa» nabarmentzen dela uste du: «jende gehiago animatzen da eta musika lagun, giroa ederra izaten da». Eguneko giroari bultzadatxoa emateko eta gaueko martxari eusteko gonbidapena egin nahi izan du arizkundar gazteak: «udari bestan hastea bezalakorik ez dagoelako, San juanetan egin kuku eta Sanpedrotan ez gelditu mutu».