Bertze behin ere Baztango hautetsiak epaile aitzinean izan dira Palacio de Aroztegia enpresak salatuta. «Pelotazo urbanistikoaren» kontrako protesta bat herriko plazan baimentzeagatik salatuak izan dira oraingoan. Baztandik Iruñeraino eramanarazi eta grabazio sistemaren arazo batengatik ezin izan dute epaile aitzinean deklaratu eta hori gogor salatu dute. «Palacio de Aroztegiak dirua ausarki dauka eta hori erabiltzen du, baina guk gure lan orduak galdu ditugu, baztandarrek harrera eta zerbitzua emateko denbora galarazi, deustarako ere», erran du alkateak.
Toki berean elkarretaratzea egin dute, Jazarpen judizialik ez. Aroztegia gelditu lemarekin. Joseba Otondo alkateak salatu duenez «Palacio de Aroztegiak baztandarrak hankapean hartu nahi ditu, Baztango erakundeak suntsitu eta herri-lurrak bereganatu. Eta beraien erranetara ez makurtzeagatik, izutu nahi gaitu. Baina herritarren alde zutik segituko dugu, ez gaituzte menpean hartuko».