Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Palacio de Arozteguia-ren salaketarengatik Baztango Udal Gobernuko hautetsiek epailearen aitzinean deklaratu beharko dute

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 5a, 07:29

Joseba Otondo alkateak eta Garbiñe Elizegi alkatea ohiak 2016ko urrian ere deklaratu behar izan zuten Iruñean.

Ortzegunean 10:00etan dute hitzordua Nafarroako Auzitegi Nagusian eta ordu erdi lehenago elkarretaratzea deitu dute

Joan den ereiaroan Elizondoko plazan Aroztegiko proiektu urbanistikoaren kontra egindako Komantxeen kanpaldiarengatik, Palacio de Arozteguia enpresak Baztango Udal Gobernuko bortz kideen aurka salaketa paratu zuen. Hain zuzen, Joseba Otondo alkatea, Mikel Ortega alkateordea, Maite Iturre, Florentino Goñi eta Iñigo Iturralde zinegotziak salatu zituen eta, orain, ortzegun honetan, Nafarroako Auzitegi Nagusian epailearen aitzinean deklaratu beharko dute. 

 

Ez da lehendabiziko aldia Palacio de Arozteguia enpresak Baztango udal hautetsien aurka salaketa paratzen duena, aitzinekoetan Garbiñe Elizegi eta Joseba Otondo alkateen aurka judizialki jo izan baitu. Salatutakoen deklarazioa ortzegunean 10:00etatik aitzinerat hasiko da Iruñean Nafarroako Auzitegi Nagusian. Lehenago, 09:30ean, toki berean elkarretaratzea eginen da Jazarpen judizialik ez. Aroztegia gelditu lemarekin.

Joseba Otondo alkateak salatu duenez «Palacio de Arozteguiak baztandarrak hankapean hartu nahi ditu, Baztango erakundeak suntsitu eta herri-lurrak bereganatu. Eta beraien erranetara ez makurtzeagatik, izutu nahi gaitu. Baina herritarren alde zutik segituko dugu, ez gaituzte menpean hartuko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun