Gizarte arloan ari diren entitateei eta Lankidetza proiektuak diruz laguntzeko bi deialdi argitaratu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 1a, 10:40

Bietan ekainaren 18 arteko epea izanen da proiek­tuak aurkezteko

Baztanen gizarte arloan ari diren entitateei eta lankidetza proiektuei diru-laguntzak emateko bi deialdi egin ditu Baztango Udalak. Bi deialdien kasuan ekainaren 18 arteko epea izanen da proiek­tuak aurkezteko. 

Horietako bat Baztanen esku hartu eta gizartera­tzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko talde, entitate, kolektibo eta elkarteei bideratua da. Diru-laguntza honen helburua prebentzioaren, lagun­tzaren, aisia eta denbora librearen eta gizar­teratzearen arloko lana eginez herritarren ongizatea bultzatuko duten programak susta­tzea da, hau da, espresuki, kolektibo ahulei, behar bereziak dituztenei edo gizarteratzeko zailtasunak dituztenei zuzenduta dauden programak sustatzea.

Bigarren laguntza deial­dia, nazioarteko lankidetzarako proiektuendako da, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzen laguntzeko eta haien oinarrizko beha­rrizanak asetzen eta tokiko giza baliabideak bultzatzen laguntzeko. Haurrei erabateko laguntza ematea lehene­tsiko da eta horrekin batera hauek izanen dira lehentasunez jarduteko arloak: muturreko pobrezia eta goseta desage­rraztea; oinarrizko hez­kuntza unibertsalerako eskubidea; genero berdintasuna, eta emakumeek parte hartzeko eta erabakitzeko duten eskubidea; haurren hilkortasun tasa murriztea; bertze eritasun batzuen artean, GIBaren, paludismoaren eta malariaren eragina murriztea; ingurumenaren iraunkortasuna eta entitate bat bultzatzea munduko garapena sustatzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun