Lamien Urrezko Orrazia saria eskuratu du (H)ilbeltza ekimenak

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 1a, 07:37
(H)ilbeltzako kideak, Lamien Urrezko Orrazia saria jaso ondotik.

Maiatzaren 31n jaso dute Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkarteak emandako saria 

Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea ekimena saritu du Lamien Urrezko Orraziarekin, «gure elkartearen egite moldearekin bat heldu den ekimena baita, hots, herritarrek auzolanean pentsatu, abiatu eta taxutua, eta euskara kulturaren erdigunean paratu duena». Sari banaketa maiatzaren 31n egin dute Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eta bertan izan ziren (H)ilbeltzako Maitane Maritorena, Elurre Iriarte, Ernesto Prat, Alberto Atxa, baita Joseba Otondo Baztango alkatea ere, hasmentako kide bezala.

 

Lamien Urrezko Orrazia izeneko saria euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean nabarmendu den talde edo gizabanakoari ematen zaio urtero, duela 30 urtetik baino gehiagotik honat. Saria ematen duen Zaldiko Maldiko Elkarteak (H)ilbeltzaren merezimenduak aipatzerakoan zera dio:

«(H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea da eta urtarrilero antolatzen da 2015etik aitzina, Idazleekin Solasean irakurle taldetik abiatuta. Ekimenak gero eta arrakasta handiagoa du urtetik urtera, eta gune garrantzitsua da gaur egun euskal kultura eta literaturarendako. Gainera, hasmentatik beretik nabarmendu dute euskarak ere izan duela eta baduela bere ekarpen baliosa genero beltzean, Baztan euskal nobela beltzaren sorlekuetako bat izan zela aldarrikatuta, Mariano Izeta elizondarraren Dirua galgarri nobelak 1962an ikusi baitzuen argia lehendabizikoz. Beraz, Baztan aspaldi dago genero beltzari lotua, euskararen bidez, gainera, eta ez da gaur egungo kontua, modan dagoen erdal idazle baten liburuen karira bertzelako ustea zabaldu bada ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun