Lamien Urrezko Orrazia izeneko saria euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean nabarmendu den talde edo gizabanakoari ematen zaio urtero, duela 30 urtetik baino gehiagotik honat. Saria ematen duen Zaldiko Maldiko Elkarteak (H)ilbeltzaren merezimenduak aipatzerakoan zera dio:
«(H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea da eta urtarrilero antolatzen da 2015etik aitzina, Idazleekin Solasean irakurle taldetik abiatuta. Ekimenak gero eta arrakasta handiagoa du urtetik urtera, eta gune garrantzitsua da gaur egun euskal kultura eta literaturarendako. Gainera, hasmentatik beretik nabarmendu dute euskarak ere izan duela eta baduela bere ekarpen baliosa genero beltzean, Baztan euskal nobela beltzaren sorlekuetako bat izan zela aldarrikatuta, Mariano Izeta elizondarraren “Dirua galgarri” nobelak 1962an ikusi baitzuen argia lehendabizikoz. Beraz, Baztan aspaldi dago genero beltzari lotua, euskararen bidez, gainera, eta ez da gaur egungo kontua, modan dagoen erdal idazle baten liburuen karira bertzelako ustea zabaldu bada ere».