Gasnagintza ikastaroa egin berri dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 17a, 07:48
Gasnagintza ikastaroan parte hartu zuten herritarrak, Autxitxiako Ramon Agirrerekin.

Hazitik Hozie elkartearen eskutik Autxitxiako Ramon Agirre aritu zen irakaslea 

Baztango Agroekologia Eskola Herritarraren bigarren urtea poliki-poliki bidea egiten ari da eta, modu horretan, larunbatean gasnagintza ikastaroa egin zuten Elizondon. Ramon Agirre gasnagilea bertaratutako herritarrendako irakasle lanetan aritu zen.

 

Agirre Elizondoko behetiko karrikan dagoen Autxitxia gasnategiko nagusia da eta urte aunitz du gasna egiten.  Larunbateko hitzorduan bere jakitatea harat hurbildutako herritarrekin elkarbanatu zuen eta gasna egiteko prozesu osoa ezagutzeko aukera izan zuten: esnea egosi, gatzagia eman, mamitu, gazura kendu, mamia zimitzan sartu… Asteburuan egindako gasnak ontzekin horiek dastatzeko hitzordu eginen dute.

Gasnagintza ikastaroa Hazitik Hozie elkarteak antolatu zuen eta ondoko hitzordua Aise elkartearen eskutik etorriko da, garagardo ekologikoa egiteko ikastaroa hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun