Hizkuntza lankidetza proiektuak babesteko hitzarmena berritu dute Baztango Udalak eta Garabide elkarteak

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 16a, 10:05
Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoko partaideek Baztan bisitatu zuten iaz.

2016ko ekainaren 2an sinatutakoari segida emanen diote bertze lau urtez 

Hizkuntza lankidetza proiektuak babesteko hitzarmena berritu dute Baztango Udalak eta Garabide elkarteak. Akordio honen iraunaldia lau urtekoa izanen da eta, beraz, 2022ra arte emango zaie jarraipena Baztango Udalak 2016tik babesten dituen hizkuntza lankidetza proiektuei. Herrien garapenaren erdigunean hizkuntza jartzea helburu izanen dute ekimenek eta estrategia orokor horren zehaztapena Ekuadorren mamituko da aurtengoan, Imbabura probintzian sortu berri den SISARIY erakundearekin ari baitira Garabidetik kitxua hizkuntzaren indartzerako elkarlanean.

 

Gibelera begirakoan, 2016ko ekainaren 2an sinatu zuten lehendabiziko aldiz hizkuntza biziberritze prozesuak bultzatzeko bi urterako hitzarmena Baztango Udalak eta Garabidek.  Lehen akordio horri esker, Bidaide programaren baitan, kurduen delegazio bat izan zen Euskal Herrian astebetez euskararen biziberritze esperientziaren inguruko formazioa jaso eta Euskal Herriko euskalgintzako hainbat erakunde bisitatzeko. Guztira lau formazio saio jaso zituzten Jon Sarasua, Andoni Barreña, Urtzi Urrutikoetxea eta Iñaki Arrutiren eskutik.

Baina Garabide elkartearen helburua “irakastea” bakarrik ez, ikastea ere badenez, gere kurduen egoeraren eta abian zituzten hizkuntza biziberritze esperientzien inguruko formazioa jaso zuten eta oso pozgarria izan zen jakitea, adibidez, 250 gazte zituztela 14 freedom school-etan  (kurdueraz irakasten duten eskolak) ikasle. Delegazio kurduaren bisitako azken egunean esperientziaren inguruko ondorio bateratuak ateratzeko saio bat egin zuten guztien artean.

2017an, Baztango Udalak emandako babesari esker Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoari buruzko bideo laburpen eta grabazioak egin ziren. Horrez gain, Ikastaldi Trinkoaren baitan bisita egin zuten Baztan aldera partaide guztiekin eta bertan Joseba Otondo alkateak egin zien harrera, argazkian ageri denez.

Baztandarrekin ere harreman zuzena izan du Garabidek. Izan ere, 2016 bukaeran Aditu Ikastaroko partaideek Arizkunenea Kultur Etxean mahai-ingurua eskaini baitzuten bertso saio baten aitzinetik. Ekuadorreko kitxua, Mexikoko nahuatl eta Yukatango maia eta Guatemalako kaqchikel hizkuntzen ordezkariak aritu ziren han bildutako 40 bat baztandarrekin hizkuntzari buruzko egoera eta gogoeten elkartrukean Karine Etxeberrik gidatuta. Ondotik, Alazne Untxalo eta Xabi Maia bertsolariak aritu ziren kantuan neguko arratsa borobiltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun