Euskararen Lege berriari ekarpenak egiteko eskualdeko saioa maiatzaren 17an eginen dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 14a, 10:19

Ortzegunean, 19:30ean Arizkunenea Kultur Etxean deitu du Euskararen Kontzeiluak

Euskararen Lege berriari egiteko ekarpenen saioa maiatzaren 17an izanen da. Nafarroa osoan lau lekutan eggten ari dira saioak eta gure zonaldekoa Elizondon eginen da, ortzegunean 19:30ean Arizkunenea Kultur Etxean.

 

Euskararen Kontzeiluaren idatziak dioenez, «urtetan, euskaldunok pairatu behar izan dugu gure hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, Nafarroan, eta euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan gara, gehiegitan».

2015ean, ordea, egoera aldatu, eta euskararen garapenaren alde dagoen gehiengo politiko bat osatu da Nafarroako Legebiltzarrean. 2017ko urrian, berriz, aukera-lehio bat zabaldu zen, Parlamentuan onartu baitzen Euskararen Lege berria egiteko ponentzia bat abiatzea. Ondorioz, abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu nahi du Kontseiluak, aurrera egiteko, gure hizkuntzak dagokion lekua berreskura dezan eta hizkuntza-eskubideak berma daitezen.

 

Euskararen Legearen edukia herritarrekin lantzea

Kontseiluari funtsezkoa iruditzen zaio konplizitatez eragitea eta babes sozialez janztea erakundeetan hartuko diren erabakiak. «Beharrezkoa iruditzen zaigu euskaltzaleok parte hartzea Lege berria egiteko prozesuan, edukizko ekarpenak eginez, alderdi politikoei. Funtsezkoa da herritarrok ahalduntzea, gure eskubideen eta ahalmenaren kontzientzia hartuz eta konplexuak uxatuz, Lege berriak gure behar eta interesei zuzenean erantzun diezaien. Gainera, herritarron inplikazioak zilegitasunaren bermea emango dio Lege berriari». Horretarako, jarduera bat antolatu du Kontseiluak, udaberrirako.

 

Lan-bilerak herrietan

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren edukia baliatuko da, oinarri gisa, eta horren gainean landuko dira herritarren eta euskalgintzako eragileen ekarpenak. Tuteran maiatzaren 2an, Lizarran maiatzaren 4an eta Barañainen maiatzaren 8an egindako bileren ondotik, eskualdeari dagokion bilera maiatzaren 17an, ortzegun arratsaldeko 7:30ean eginen dute Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.

Euskararen Lege berriaren oinarrien proposamena helaraziko du Kontseiluak Legebiltzarrera, herrietan bildutako ekarpenekin osatu eta adituekin eta eragileekin kontrastatu ondoren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun