Erraldoiak aurkezteko ekitaldi publiko bat egin zuten maiatzaren 6an Elizondoko plazan. Aurkezpenaren ondotik, ohorezko dantza eginen zitzaien bi erraldoi baztandarrei. Segituan balts eder bat dantzatu zuten eta Elizondoko karriketan barna kalejira bat egin zuten bertze lau erraldoiekin eta musikariekin batera. Baztango Gaitariak eta Jo ala Jo elkarteen izenean, Joseba Indaberek eskerrak eman zituen bi erraldoiek izan duten harrera bikainagatik. Igandeko aurkezpenaren ondotik, Iruritako bestetan ere dantzatuko dituzte Baztango sei erraldoiak, Irurita bertako konpartsakoekin batera.
Baztanera 1948an ailegatu ziren lehen bi erraldoiak, Errege Katolikoak irudikatzen dituztenak. 2012an Elizondoko konpartsak bertze bi erosi zituen, Nafarroako Enrike eta Juana errege-erreginak irudikatzen dituztenak eta orai, sagardo-egileekin osatu da seikotea.
Bi figurak egitea inbertsio ederra izanagatik ere, inongo laguntzik gabe erosi dituzte, urteetan joaldietatik ateratako sosak erabili dira horretarako. Emazteki eta gizon batek osatzen dute bikotea eta genero ikuspegia lantzen da orain arteko eredu zaharkituak irauliz. Erraldoi egileak Markalaingo Aitor Calleja eta Mikel Eraso dira eta gazteak izanagatik ere, esperientzia handiko artistak dira. Nafarroako eta kanpoko hainbat eta hainbat herrietako erraldoiak eta bertzelakoak egin dituzte. Goraipatzekoa da honetakoan ere zeinen lan txukuna egin duten.