«Irurita ez da herriko bestak bakarrik, ekitaldi andana izaten ditugu»

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 7a, 11:50
Aritz Urrutia Frias, Iruritako gaztea.

Aritz URRUTIA FRIAS, Iruritako gaztea

Besta Batzordeak ekitaldiak lotuak dituelarik, «egitaraua etxeetara igortzeko presta-¡tzeaz» arduratzen da Aritz Urrutia herritarra. Oharkabean, luzaroan bere aitak, «marrazkiak, kartelak eta eskulanak egiten zaletua denak», egin duen lanaren ardura bere gain hartu du.

 

Laguntza gisa hasi zuen lana «urteroko ekarpena da orain». Izan ere,«aitaren azken lanetan digitalizazioa  txertatzen hasia zen, eta nire laguntzaz pauso batzuk emanagatik, aurrerapen teknologikoek lasterketa irabazi zioten», kontatu digu irri artean.

 

OHITURAK BERRIKUNTZEZ ZIPRIZTINDUZ

Anitzendako Iruritako besten berezi-tasuna herriz herriko bestetatik lehendabizikoetakoak izatea bada ere, Urrutiarentzat «udaberri-usainaren garraiatzaile» izateak indar handia hartzen du: «ikasturte akabailako trantzearen eta udaren, galtza motzen... etorreraren iragarle dira». Ohiturak eutsiz eta berrikuntzak finkatuz bortz egunetarako «egitarau osatua, aukera anitzekoa, gustu gehienei tarte eginez eraikia» antolatzen saiatzen dira. Joan den urtean, erraterako, «Etxalarko herritarrek utzitako erraldoiei esker, erraldoiak dantzan ikusteko aukera eskaini genuen». Joan den urteko berrikuntza ikusleen gustukoa izan zelakoan, «aurten Baztango gaiteroek Jo ala Jo Kultur Taldearen eskutik bertze bi erraldoi egin zituzten eta horiek ere plazaratuko ditugu. Orain horiek dantzatzen ikasteko ikastaro irekietan gabiltza. Hemendik nahi duten guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diet». Era berean, aurtengo bestetan «herria alaitu eta mugiarazteko batukada ere ekarriko dute».

 

LANAK AITZINERATZEN

Bestetan sartu aitzinetik dantzetako entsegu eta irakasle lanei dagozkien saioen prestaketak «ahalik eta gehien aitzinatzen» dabil Aritz: «horrela, besta egunetan kalejiran ibili ahal izanen naiz». Libre izanez gero, «ekitaldi guztiak onak» badira ere, aurten aukeraketa egin beharko du. Lanean ari denez, «gaua biharamunean jaiki gabe egoteko dutenen eskuetan» uzten saiatuko da: «azkena luzatzen bada biharamunari aurre hartzeko 0,0 garagardoa edanez itoko dut egarria» dio irri artean. Erraldoien kontuarekin «arratsaldeko zenbait besta ordu giro ezin hobean pasako ditut eta herriko plazan mutil-dantzak dantzatzeko hitzordua ere ez dut barkatuko». Iruritako bestetan hasitako maiatzeko ekitaldiak ekainera bitarte luzatuko direla nabarmendu nahi izan du, «Irurita ez da herriko bestak bakarrik, bertze hainbat ekitaldi ditugu: maiatzaren 26an mendi duatloia izanen dugu, ekain hasieran, berriz, herriko dantzarien dantza erakustaldia».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun