«Nire ahotsa aurkitzeko utzi nuen herria»

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 7a, 10:12

Xarre San Frantziskon, Mateo Ameriketako ilobarekin. utzitako argazkia

Xarre Bidegain Danboriena, San frantziskon (AEB) bizi den lekaroztarra

Bizi erdia baino gehiago darama San Frantziskon Xarre Bidegain lekaroztarrak. Tabu, estigma eta jazarpenetatik ihesi joan zen duela 32 urte, baina jubilatzen denean, Baztanerat itzuli nahi du. Ttipi-Ttapa aldizkarian elkarrizketa egin diote.

 

Badu zer kontatua eta merezi du bere historia aditzeak. Hunkigarria da, ametsak egia bihurtzen ahal direla erakutsi duen adibide garbia eta eredugarria. Oztopo aunitz gainditu behar izan ditu bizitzan, baina 56 urterekin, harro mintzo da bere buruaz Xarre Bidegain Danboriena lekaroztarra. Urte luzeko borrokaren ondotik, «tabu, estigma eta jazarpenez» inguratuta bizitzetik, «burua tente eta ahots garbia» izatera pasatu da.


Tabuz betetako haurtzaroa eta nerabezaroa
1961eko abuztuaren 11n sortu zen Zizurkilgo Fraisoron (Gipuzkoa), baina Lekarozen egin zituen bizitzako lehendabiziko urteak, 25 urte bete gabe, urrats garrantzitsu bat ematera ausartu zen arte. Kontatu digunez, «tabu eta isiltasunez inguratuta hazi nintzen. Ama ezkongabearen alaba naiz eta nire ama haurdun utzi zuena nor zen ez nuen jakin kanpoko norbaitek erran zidan arte». 14 urte zituen orduan. «Ezusteko ikaragarria hartu nuen Lekarozko bertako norbait zela jakin nuenean», adierazi du.

«Hainbertze sekretu eta estigmekin bizitzeak itotzen ninduen», dio. «'Zu nor zara?' edo 'norena zara?' galdetzen zidatenean, 'ni Xarrekoa, Txefana' erantzun, eta ondotik heldu zen 'aaaaa!' eta galdera egin zuenaren aurpegiak berriz ere sekretu, estigma eta tabuak gogora ekartzen zizkidan».

Ama ezkongabearen alaba izateari, «nerabezaroan, nire aukera sexualaren estigma gehitu zitzaion», erran digu. «Emakumeak gustatzen zaizkit eta arras gazterik lesbiana bezala identifikatu nintzen». Horrek hainbat galdera sortzen zizkion: «nola plantea nezakeen Baztanen gelditzea? Zein aukera genituen orduan? Bordatxo eta Maitena neguan, eta herriko bestak udan. Eta lesbiana batendako?».

Etxean eta kanpoan, «urte dezentez», jazarpen sexuala jasandakoa da. «'Eramanen zaitut etxera' erraten zidaten, baina ez zuten Lekarozko grutan, hilerrian edo Arraiozko harrobian egin behar zuten geldialdia aipatzen. Akabailan, goizeko hiruretan oinez etxerat. Hurrengo egunean hilerrian bakar-bakarrik utzi zizunak zure ezezkoa ulertzen ez zuelakoz, 'atzo zer gisa, ongi ailegatu zinen?' galdetzen zizun. Egoera horiek ohikoak eta normalak zirela pentsatuz hazi nintzen».


24 urterekin Ameriketara
Garbi dio: «ahal bezain laster ihes egin nuen». 1986a zen, Bidegainen irudiko, «kontaktu edo dirurik ez zuen gazte lekaroztar batendako aukera guti edo batere ez zeuden» garaia. «Gizonezkoek Latinoamerikarako emigrazioaren aukera zuten, baina emakume batendako pentsaezina zen».

                                  «Sekretu eta estigmekin bizitzeak ito egiten ninduen»

Berak sentitzen zuen ezinegona, ordea, haundiegia zen etxean gelditzeko, eta «1986ko sanferminetan, nire ametsa egia bihurtu zen. Lekarozko bi lagun onek Madrilerat eraman ninduten urdaiazpiko tortilla bokata eta ardo zatoarekin». San Frantzisko (AEB) zuen jomuga: «estigma, tabu, sekretu, isiltasun eta batez ere emakumeekin liluratua zegoenarendako meka zelakoz. San Frantzisko gay eta lesbianen meka zen».

                                 «Ahal bezain laster ihes egin nuen Baztandik Ameriketara»

Ameriketara ailegatu orduko, euskal komunitatera hurbildu zen, baina «nire aitzineko belaunaldiaren Baztanerat ailegatu nintzela sentitu nuen. Sekretu, jazarpen eta tradizio konformista gehiago aurkitu nituen». Hala, «euskal komunitatetik ere ahal bezain laster egin nuen ihes». Ondoko urteak «gogorrak baina askatzaileak» izan zirela adierazi digu.

Dena berria zen Bidegainendako Ameriketan, tartean, solasik egiten ez zuen hizkuntza. Hasmentan, ingelesez jakin gabe egiten ahal zituen lanetan aritu zen: autoak eta ontziak garbitzen, pizzerietan... «Zerrenda amaigabea izan zen, ezinezkoa da denez oroitzea». Hondarrean, «kostatu zitzaidan», baina lortu zuen ingelesez ikastea.

Jende aunitz ezagutu zuen, «arras jende desberdina, baina antzeko esperientziekin. Ni bezalaxe, estigma, jazarpen eta tabuekin biziraun dutenak». Haiek guztiek «izugarri lagundu» omen zioten «nire burua onartzen, maitatzen eta nire errealitatearekin bizitzen. Ez da bide erraza izan, baina bai istorio eta abenturez betea».

22 urte irakasle lanetan
Irakaslea da gaur egun. 22 urte daramazki lan horretan San Frantziskoko hezkuntza sistema publikoan.  Tarte horretan, 5 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteekin aritu da lanean, berak dioenez, «hiriko zuri pribilegiatuetatik hasi eta sistemako kaltetuenak diren paperik gabekoetaraino». Ongi ezagutzen ditu hiriko eskola elebidun guztiak, «administrazioan, zortzi urtez ibili nintzen eskola guztietako irakasleei laguntzen». Orain dela hiru urte, berriz, berak nahi zuen eskola aukeratu ahal izan zuen eta hortxe segitzen du: «muga pasatu eta San Frantziskorat ailegatzen diren paperik gabeko haur guztiak etortzen dira eskola ttipi honetara». Haur horiek urte bat edo bi pasatzen dituzte hor: «lehenbizi, beraien hizkuntzan, espainolez, alfabetatzen dira, eta gero ingelesez hasten dira, kultura berria barneratzen duten bitartean».

                                 «Gizonezko batekin ezkondu nintzen paperak lortzeko»

Bere hitzetan, «estigmatizatuak dauden haurrak» dira, «gehienak indigenak dira, desegituratuak dauden familietatik heldu direnak. Aunitz ama ezkongabeen seme-alabak, indarkeria eta jazarpen sexualaren biktimak dira». Bere lana «beren ahotsa aurkitu dezaten laguntzea» dela azaldu digu: «lehenbiziko eta bigarren mailan erakusten dut eta haur bakoitzarengan potentziala ikusten dut, ihes egiteko aukera bat eta irtenbide posible bat».

Eskolako lanaz gain, San Frantziskoko unibertsitate publikoan lanaldi erdian ari da: «lan hau udaro Baztanerat itzultzeko dirua behar dudalakoz egiten dut. Erraza da, baina nire bihotza  eskola ttipian dago». Agerian utzi du eskola horretako neska-mutiko horiekin lotura berezia duela: «sei eta zazpi urteko Xarre lekaroztarra oroitarazten didate».

Haur horien gisa, paperik gabe bizi izan zen bera ere San Frantziskon: «hamabi urtez, herrialdetik atera ezinik egon nintzen, paperak konpondu nahian». Hondarrean, gizonezko batekin ezkondu behar izan zuen paperak lortzeko, «nahiz eta nire orduko bikotekidea estatubatuarra izan, emakumea zelakoz ezin ginen ezkondu, ezta San Frantziskon ere». Bizileku-baimena lortu zuenetik Baztanerat itzultzen da urtero.

Baztanerat itzultzeko ilusioz
Dagoeneko 32 urte daramatza Kalifornian, eta horietatik 31 San Frantziskon. Baina bihotzean darama sorlekua. «Hiru hamarkada pasatu ondotik, herria utz dezakezula erraten ahal dut, baina herriak ez zaitu sekula uzten. Momentu zailenetan, herriak eta kulturak indarra eta sustengua eman zidaten; herriak sustraiak eta oinarri sendoak eman zizkidalakoz biziraun nuen». Baina aldi berean, aitortu digu, herritik joan nahi zuela: «nire ahotsa aurkitzeko herria utzi behar izan nuen; bide luzea egin behar izan nuen Xarre topatzeko, eta orain, 32 urte beranduago, eroso sentitzen naiz bere larruan».

                                 «Herria utz dezakezu, baina herriak ez zaitu sekula uzten»

Urtero, ekainean etortzen da Baztanerat. «Aunitz errespetatzen dudan amarekin kontaktua behar dut, nire gainerako senideekin eta Baztango betiko berdearekin kontaktua». Legate gogoan du: «Legate izan da beti nire iparra, bai Baztanen eta bai San Frantziskon ere. Lagun aunitz egin ditut, baina hurbilekoak guti, eta oraindik ere, gehienbat baztandarrekin segitzen dut lotura izaten, betikoekin».

Nola diren kontuak, duela 32 urte ihes egin zuen tokira itzuli nahi du. «Nire lan-bizitzako azken txanpan nago, sei urte gelditzen zaizkit San Frantziskoko eskola barrutitik modu erosoan jubilatu ahal izateko. Argi dut ez naizela hainbertze eman didan hiri eder honetan geldituko». Seguru dago Baztanerat itzuliko dela, «nire Elizondoko pisurat. Han biziko naiz urteko sasoi batzuetan, udan behinik behin, eta neguan ikusiko dugu». Horrek kontradikzioa dirudiela onartu digu:  «norabide batean errepikatzen zen bueltarik gabeko bidaia-txartelaren ametsa, orain, kontrako norabideko bueltarik gabekoa bihurtu da». Baina beretako, «ez da kontradikzioa, ziklo baten itxiera baizik. Atera eta Xarre topatu behar nuen berarekin itzultzeko, estigma, jazarpen eta taburik gabe itzultzeko. Burua tente eta ahots garbiarekin itzultzeko».  Eta lortu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun