Baztango Talde Feministak, bestetako antolatzaileek eta Udaleko Berdintasun Batzordeak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mai. 4a, 14:10
Herrietako bestetarako martxan jarritako protokoloa eta zerbitzuak aurkeztu zituzten.

Salaketa eta babes publikoa, laguntza psikologikoa eta juridikoa eta larrialdi zerbitzua eskainiko dituzte

Baztango Talde Feministak, bestetako antolatzaileek eta Udaleko Berdintasun Batzordeak bertze urte batez, eraso sexisten aurkako protokoloa jarri dute martxan. Protokoloaren helburua herriko bestetan gozamena nagusitu eta botere harremanak eta zapalkuntzak sahiesteko «emakumea babestea eta babes sarea eskaintzea» da.

 

Aurkezpenean honela adierazi dute: «Eguna luzatuz doa, eguraldi ona, eguzkia, txorien kantak eta tragoak lagun artean. Istantean herrietako bestak. Bestak, urte osoa esperoan egon eta horrenbertze gustatzen zaizkigun egunak. Eguneroko errutina alde batera utzi eta dantza, irria, alkohola, elkartasuna, eta GO-ZA-ME-NA nagusitzen diren egunak. Alta, jakin ongi badakigu dena ez dela ideala, eta  bestetan ere, egunerokotasunean dauzkagun rolak, balioak, botere harremanak eta zapalkuntzak erreproduzitzen direla».

Botere harreman eta zapalkuntzak izan badirela ikusirik, hainbat galderez hausnartu beharra nabarmendu dute: «nork parte hartzen du antolakuntzako batzordeetan? Noren hitzak du pisu gehien? Nork hartzen ditu plazak? Nork sentitzen du bere burua oholtza gainean dagoenarekin identifikatua? Nork prestatzen ditu etxe gehienetan egun berezi hauetako otorduak? Nork dantzatzen ditu mutildantzak plazetan lasai eta inolako irainik jaso gabe? Nor mozkortzen ahal da eta etxera lasai joan inoren konpainiarik gabe?».

Gisa bertsuan, bestetan «emakumeek parte hartzeko eskubide bera sentitu beharra» azpimarratu dute; eta eskubide hori sentitzeko bidea «besta eredua iraultzea» dela diote, «emakumeen parte hartzea indartuz eta duen protagonismoa bereganatuz».

Emakumeak elkartu eta autodefentsa feministari ekiteko deia ere egin dute: «biktima paper pasibotik ateratzeko tenorea da». Aurten ez dutela ez ukipenik, irainik, piropo matxistarik, mespretxurik, abusurik ez eta bortxaketarik ere onartuko ere jakinarazi dute.

Hori horrela, horrekin guziarekin akitzea «emakumeon esku» dagoela adierazi dute, 2016ko Iruñeko Sanferminetan bortxatutako neskarekin gertatutakoari tarte eginaz, «justizia patriarkal horrengatik ez dela deus esperatzen ahal» nabarmenduz. Egoera horiei aurre egiteko «espazio seguruak sortu eta horrelako jarrerei gogor erantzuteko beharra» ikusten dute. 

Era berean, «herritar guziei indarkeria sexistaren aitzinean besoak gurutzaturik ez gelditzeko eta eraso sexistei gogor erantzuteko» deia luzatu diete, Baztango herrietako bestetan eskainiko diren zerbitzuak gogoraraziz: Salaketa eta babes publikoa (Talde Feministaren eskutik); Laguntza psikologiko eta juridikoa (Udalaren eskutik 948 580006 telefonora deituta) eta larrialdi zerbitzua (112 telefono zenbakira deituta).

Azkenik indarkeroa sexistarekin akitzea denon esku dagoela gogorarazi dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun