Ardi ile biltzea eginen dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 6a, 07:58
Ardi ilearen bilketa izena emandako artzainei bakarrik eginen zaie

Zerbitzua antolatzeko artzainen datuak bilduko dituzte, maiatzaren 18ko 14:00 arte

Baztango Udalak, bertze urte batez, ardi ilea biltzeko doako zerbitzua jarriko du. Biltzea gune zehatzetan eginen da eta ardi ilea bertaratzea artzainen esku utziko dute. Hori horrela, biltzea egiteko guneak zehaztu ahal izateko artzainen datuak biltzeko deialdia egin dute.

Datuak maiatzaren 18ko 14:00 arte bilduko dira, udaletxean. 948 580006 telefonora deitu edo hondakinak@baztan.eus helbidera idatz daiteke.  Bertzeak bertze, honakoak izanen dira bilduko direnak: izen-abizenak, helbidea, ustiategi zenbakia, dituen ardi kopurua, ilea bildu beharrekoen zenbatekoa eta kontakturako telefono zenbakia. Bilketa izena emandako artzainei bakarrik eginen zaie. Hori horrela, zerbitzua antolatua dutelarik, artzain bakoitzari nora eta noiz atera artilea jakinaraziko diete.

Era berean, Udalak, zerbitzu horretatik kanpo ardi ileak nonahi eta noiznahi uzten dutenak zigortuak izanen direla gogorarazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun