Belateko mendi gainetik nazioarteko zama garraiorik pasa ez dadin eskatuz mila lagun bildu dira Elizondoko manifestazioan

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 2a, 09:36
N-121-A errepidean segurtasuna eskatu zuen manifestazioa, Elizondoko karriketan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

N-121-A errepidean segurtasuna eskatu dute apirilaren 28an

Belate eta Almandozko tuneletako lanek irauten duten bitartean Belateko errepide zaharretik nazioarteko zama garraioa debekatzea eskatzeko manifestazioa egin zuten maiatzaren 28an, larunbat arratsaldean Elizondon. N121A segurtasuna. Belateko mendi gainetik nazioarteko zama garraiorik ez goiburupean, mila lagun inguru bildu ziren.

 

Manifestazioaren akabailan, Mari Carmen Lizoain Olaibarko alkateak gazteleraz eta Joseba Otondo Baztango alkateak euskaraz aipatu zutenez, «hasteko, Manu Ayerdi lehendakariordeak trafikoa egunaren eta matrikularen arabera aldizkatuz mugatzeko propasamena nahikoa ez dela uste dugu, hortaz, ez dugu ontako ematen. Haatik, proposamenak trafikoaren mugaketa ekartzen duen neurrian arazoaz ohartzen ari direla pentsarazten digu horrek, eta bide onetik goazela. Gehiago: proposamenarekin Nafarroako Gobernuak trafikoa mugatzeko ahalmena duela onartzen du, beraz, nahi izanez gero nazioarteko zama garraioren pasabidea debekekatzeko ahalmena du lehenago Gironan edo Errioxan egin bezala». 

Gauzak horrela, bertze behin, Belateko gainak gaur egungo trafikoa jasaten ahal ez duela erran nahi dute alkateek. Aurtengo martxoaren 6an Belateko tuneletan 3.800 ibilgailu astun zenbatu zituzten. Tunelak ireki zituzten urtean, 2000. urtean, 800 eskas ziren. «Tunelak egin baino lehenagoko Belate ezagutu duten guztiek badakite lepo gain horretatik ez dela halako kamioiketa ibiltzen ahal. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren  azkeneko proposamenak ez du herritarrek eskatzen duten segurtasuna bermatzen ahal», diote alkateek. 

Guttieneko segurtasuna eskaintzeko modu bakarra Belateko lepo gainetik nazioarteko zama garrioa debekatzea dela uste dute. Hori dela eta, N121A errepidean segurtasuna eskatzeko modu bakarra nazioarteko zama garraioaren debekua dela. «Erabateko segurtasuna ez da posible, baina ezin ditugu arrisku handiagoa sortzen duten egoerak onartzen ahal», akitu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun