Bi figurak egitea inbertsio ederra izanagatik ere, inongo laguntzik gabe erosi dituzte, urteetan joaldietatik ateratako sosak erabili dira horretarako. Emazteki eta gizon batek osatzen dute bikotea eta genero ikuspegia lantzen da orain arteko eredu zaharkituak irauliz. Erraldoi egileak Markalaingo Aitor Calleja eta Mikel Eraso dira eta gazteak izanagatik ere, esperientzia handiko artistak dira. Nafarroako eta kanpoko hainbat eta hainbat herrietako erraldoiak eta bertzelakoak egin dituzte. Goraipatzekoa da honetakoan ere ze lan txukuna egin duten.
Erraldoiak aurkezteko ekitaldi publiko bat eginen da maiatzaren 6an 11:00etan Elizondoko plazan (euria eginez gero Iriarte pilotalekuan). Jende guztia gonbidatuta dago parte hartzera. Ekitaldian lehenik aurkezpen ttiki bat eginen da eta segituan ohorezko dantza eginen zaie bi erraldoi baztandarrei. Segituan balts eder bat dantzatuko dute denendako eta Elizondoko karriketan barna kalejira bat eginen da parte hartuko duten bertze erraldoi eta musikariekin batera. Bukaeran, denen artean balts bat dantzatuko da Elizondoko plazan eta familia argazkia aterako dute ekitaldia akitzeko. Antolatzaile eta parte-hartzaile guztiek bazkari eder bat gozatzeko aukera izanen dute.