Baztan Ikastolako ikasle eta gurasoek mendi ibilaldia egin dute apirilaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 18a, 06:30

Baztan ikastolako guraso eta ikasleak, atsedenaldi batean.

Izpegi-Elorrieta-Olate-Izpegi, hiru ordu inguruko txangoa egin zuten 

Baztan Ikastolako berrogei bat lagun, haur zein guraso, elkartu ziren apirilaren 15ean Izpegi-Elorrieta-Olate-Izpegi mendi ibilaldia egitera. 

 

Halaxe kontatu digute ibilaldia: «Igande goizeko 9:30ean Izpegiko Bentaren gibeletik Elorrieta mendiko lepora eraman gaituen bideetako bat segitu genuen; bide garbi batetik abiatuz hasmentan eta, ondotik, basoan sartuta. Udaberrian sartuak garen honetan, pagadi berdeen artean ibili ginen.  Basoa gibelean utzita, hondar malda leuna gainditu eta lan handirik gabe  belardiz estalitako Nekaitzeko lepora (815 metro) ailegatu ginen.  Autza itzalaren begiradapean bazkan aritzen dira inguru horietan pottokak. Hurrengo lepoa Olartekoa izan genuen. Geldialdia egin genuen hor, gosaldu eta Olateko tontorrera igotzeko indarrak hartzeko. Ibilbideko punturik altuena izan zen Olate: 936 metro. Paisaia zoragarriaz gozatu genuen kaxkoan: Urrizpilota, Elhorriko Kaskoa eta Nekaitzeko lepoa  ikusten ahal genituen handik. Ondorengoa, berriz Izpegiraino itzuli arteko bidea, maldan beheiti egin genuen».

Hiru ordu inguruko ibilaldia izan zen, aparteko zailtasunik gabea, haur zein helduek egiteko modukoa. Ibilbidea, arras polita eta historikoki  interesgarria, trikuharriak ere ikusi ahal izan baizituzten. Eguraldiak ere mesede egin zien, tenperatura goxoak izan zituztelako lagun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun