Ahari onenak saritu eta urteko gasna moztu dute Elizondoko Udaberriko Ferian

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 9a, 08:26

Azpilkuetako Ramon Urrutiak eta Iruritako Miguel Angel Maritorenak lortu zituzten lehen sariak eta Kortarikobordako Julen Arburuak moztu zuen urteko gasna

Elizondoko Udaberriko Feria egunean, ahari lehiaketaren hogeigarren edizioa burutu zen apirilaren 6an. Azpilkuetako Etxarteneko Ramon Urrutiaren ahariak mutur gorrietan eta Iruritako Gernuxarreko Miguel Angel Maritorenarenak mutur beltzetan irabazi  zituzten sari nagusiak. Ahari lehiaketaz gain, urteko gasnari lehen kortea eman zion Kortarikobordako Julen Arburuak. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

 

Ahari lehiaketaren hogeigarren edizioari dagokionez, 21 buru aurkeztu zituzten, 9 mutur beltz eta 12 mutur gorri, kalitate onekoak. Burugorrien artean, lehenbiziko saria (75 euroko eta Santiago Oteizak egindako kaikua) Azpilkuetako Etxarteneko Ramon Urrutiarenak irabazi zuen, bigarrena (50 euro) eta hirugarrena (30 euro) Arraiozko Xuntoneko Sagrario Urrozentzat.

Burubeltzen artean, lehen saria Iruritako Gernuxarreko Migel Angel Maritorenak eraman zuen, bigarrena Erratzuko Txisperriko Maria Soledad Iturbidek eta hirugarren saria Almandozko Etxotoko Norberto Agerrek.

Urtea bete gabeko ahari antxuei dagokienez, mutur gorrietan lehen saria Arraiozko Xuntoneko Sagrario Urrozek irabazi zuen (bigarren saria Soledad Iturbidek eta hirugarrena Jose Mari Gamiok) eta mutur beltzetan, Errazuko Xisperriko Soledad Iturbidek.

Epamahaia, Juan Kruz Iriarte zinegotziak, Beartzungo Pardioleneko Manuel Bertizek eta Iruritako Zaldubiko Joseba Zelaietak osatu zuten.

Aziendez gain, eskulangileen erakusketa eta salmenta, txistulariak, haurrendako tailerra eta Baztango dantzari ttikien saioak izan ziren, baita bertako produktuak dastatzeko aukera ere, aurtengo lehen feria egunean. Gainera, urteko lehen gasnaren mozketa ere egin zuten. Aurtengoan, Orabideko Kortarikobordako Julen Arburuak egin zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun