Ortziralean 10:00etan azienda feria izanen da Merkatu Plazan. Ahari lehiaketaren hogeigarren edizioa ere eginen da. 10:00etatik 13:30era artisautza eta bertako produktuen azoka paratuko da Merkatuko Plazan. 11:00etan txistulariak ariko dira karrikaz karrika. 11:30etik 13:30era haurrendako tailerra izanen da. 12:00etan Baztango dantzari ttikiek saioa eskainiko dute, 12:15ean urteko ardi gasnaren mozketa ekitaldia eta 12:30ean bertako produktuen dastatzeko aukera izanen da. 13:00etan ahari lehiaketaren sari banaketa eginen da Merkatuko Plazan.
XX. Ahari lehiaketa
Aitzineko urteetan bezala Baztango Ahari Lehiaketa eginen da eta aurtengo hogeigarren edizioa izanen da. Ohi bezala, Baztango latxa arrazako buruek parte hartzen ahal dute. Baina berrikuntzarik ere izanen da eta bi atal berri izanen dira, urtea bete ez duten antxu aharikoak ere saritzeko, mutur gorrietan nahiz mutur beltzetan.
Sariak bi ataletan banatuko dira: hiru mutur gorriendako eta bertze hiru mutur beltzendako. Bi kasuetan, lehenengo saria, kaiku bat eta 75 euro dira; bigarren saria, 50 euro eta hirugarren saria, 30 euro. Parte hartuko duten artzainek 15 euroko ordaina jasoko dute eta ahari buruak aurkezten dituzten artzainei bazkaltzeko gonbidapena ere luzatuko zaie.