BRT Menditarrak errugbi taldearen gaupasa apirilaren 21ean eginen dute Larraintzarren

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 30a, 10:55
BRT Menditarrak taldearen biziraupenerako nahitaezkoa da Larraintzarko gaupasa.

Sarrerak salgai jarriko dituzte Doneztebeko Titi ostatuan, Elizondoko Intzan eta Larraintzako ostatuan

Urtero bezala errugbiaren gaupasa antolatzen ari da aurten ere BRT Menditarrak errugbi taldea. Arras besta garrantzitsua da taldearen biziraupenerako, aurrekontuaren zatirik handiena bertatik lortzen baita. Taldekideen erditsuak ultzamarrak izanik eta inguru haietan hau bezain ekitaldi handirik izaten ez denez, Larraintzarko frontoian antolatzen dute urtero. Giro aparta, jende jatorra, besta haundia eta egitasmo on baten aldeko keinua da eta Menditarrak BRT taldetik gonbidapena luzatu diete inguruko bailaretako jendeari, apirilaren 21eko gaupasan parte hartzeko.

 

Egitarauari dagokionez, afal aintzinetik mexikanak izanen dira Tajudos del Norte taldearen eskutik. Afaltzeko salda, zikiroa, mamia, eta sorpresak izanen dira.

Afal ondotik, Kantu zaharrak, Oharkabe eta Tirri (Tirri&Terrikoa) aditzeko eta dantzatzeko aukera izanen da frontoian. Kanpoko karpan, berriz, Skabidean, Muga eta DJ Purin ariko dira. 

Sarrerak salgai jarriko dituzte Doneztebeko Titi ostatuan, Elizondoko Intzan eta Larraintzako ostatuan. Sarrera 7 euro kostako da; afaria eta sarrera 25 euro; itzulerako autobusa ere 4 eurotan izanen da (Larraintzar-Mugairi-Doneztebe-Elizondo eta Larraintzar-Markalain-Berriozar-Iruña ibilbideak eginen ditu).

Gainera, Divertis-en eskutik 300 euroko zozketan parte hartzeko aukera eskaintzen du sarrerak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun