Ongi hasi da Berroetako Asteburu Kulturala

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 26a, 16:17

Bertako zuhaitzak ezagutzeko ibilaldia eta emakumeen gorputzen merkantilizazioari buruzko solasaldia izan ziren

Berroetako asteburu kulturaleko lehendabiziko asteburua arrakastatsua izan da. Larunbat goizean, Xabier Zabaletak bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia egin zuen (Hazitik Hozie elkarteak antolatua). Ibilaldiak harrera bikaina izan zuen herrian. 

 

Herriko plazatik hasi zen azalpena; Baztango landare, klima etab. buruz jakin beharreko zenbait xehetasun azaldu zituen Zabaletak. Ondotik, prestaturiko ibilaldiari ekin zitzaion, bidean ikusitako arboleri buruzko azalpenak emanez: ezaugarriak, bitxikeriak, arbola zaintzeko modua... 4 ordu pastuxe iraun zituen Berroetako parajeetan egindako bideak eta 13 lagunek parte hartu zuten. Zabaletaren azalpen zabalak herritarren ohitura eta jakinminarekin ezin hobeki uztartu ziren. 

Atsaldeko ekitaldian ere, ez zen entzulerik falta izan. Iratxe Arretxeak, Nafarroako Munduko Medikuetako gizarte hezitzaileak, eman zuen hitzaldia: Emakumeen gorputzen merkantilizazioa: sexu ustiapena helburu duen pertsonen salerosteketa eta prostituzioa. Arretxeak prostituzio egoeran dauden pertsonekin egiten du lan eta hitzaldian bere eguneroko lanean begien aitzinean ikusten duen errelitatea zein den azaldu zuen, hori ulertu ahal izateko beharrezko informazioa emanez. Hitzaldia parte hartzailea izan zen eta entzuleen galdera eta iritziek ere lekua izan zuten. Arretxea eta bere lankideek egiten duten lanaren garrantzia agerian gelditzeaz gain, gizarteko gai garrantzitsu hau mahai gainean paratzeko aukera ezin hobea eskaini zuen hitzaldiak. 

Asteburuarekin akitzeko, igandean Nafarroako kirol jokoen finala jokatu zen (eguraldi txarra zela eta Oronoz Mugairen egin behar izan zen). Finalean Baztango Basaburua taldeak jokatu zuen eta bi txapel ekarri zituzten: haur mailan froga konbinatuetan eta kadete mailan sokatiran. Honez gain, haur mailan sokatiran 4. postua lortu zuen Basaburuak eta kadeteek 3. postua froga konbinatuetan. Jardunaldiarekin akitzeko, Anizko elkartean bazkari eder bat egin zuten jokalari eta familiakoek. Azken urte luzeetan bezala, Andoni Irigoien eta Kiko Gartxitorena ibili dira ortzilarero entrementuak antolatzen eta beraz, emaitza hauek neurri haundi batean beraien lanaren fruituak dira. 

Lehendabiziko asteburua pasatu den arren, gogoratu datorren asteburuan kantu zaharren afaria izanen dela Berroetako Gure Ametsa elkartean, Frantzisko Santxotena eta Pello Zabaltza musikariek alaituta. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun