Glisofatoa eta rondupari buruzko mintzaldia eginen dute martxoaren 22an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 20a, 15:34

Larunbatea, berriz, bertako zuhaitz espeziak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute Berroetan, hau ere Baztango Agroekologia Eskola herritarraren baitan 

Baztango Agroekologia Eskola Herritarraren barnean Glisofatoa eta Rondupari buruzko mintzaldia antolatu dute martxoaren 22rako Elizondon. Glisofatoa Rondup herbizida markaren oinarrian dagoen sintesi kimikoa da eta Munduko Osasunaren Elkarteak  jendeengan minbizia sortzen ahal duela onartu zuen 2015ean; horretarako animaliekin egindako esperimentuak kontuan hartuz. Mintzaldia EHNE sindikatuko Paul Bengoa teknikariak emanen du eta EHNE sindikatuak eta Hazitik Hoziek antolatu dute. Hitzordua Arizkunenea kultur etxean izanen da, 19:30ean.

 

Herritarrek Glisofatoa edo Rondupa erabiltzen dutelarik herbizida lurrera sartzen da, erreketara iragazten eta, haren hondarrak, laboreetan gelditzen dira. Horregatik jaten dugun elikagaietan, edaten dugun uran eta gure gorputzetan gelditzen da.

  

Glisofatoa eremu publikoetan ez erabiltzeko konpromisoa hartu du Baztango Udalak

Ipar Euskal Herriko herriko etxe aunitzek lorategi publikoetan Glisofatoa-Rondupa erabiltzea debekatu dute. Alde horretatik, Baztango udala kudeatzen dituen eremo publikoetan glisofatoa ez erabiltzeko konpromisoa ere hartu du.

 

Bertako zuhaitz espezieak ezagutzeko ibilaldia larunbatean Berroetan

Bertzalde Agroekologia Eskolaren egitarauarekin jarraikiz martxoaren 24an bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia eginen dute Berroetan. Hitzordua goizeko 9:00etarako eman dute eta gidaria Xabier Zabaleta izanen da. Kasu honetan antolatzaileak Berroetako Herria eta Gure Ametsa elkartea dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun