Datu aipagarri gisa, Tokiko Inbertsio Planarengatik aurtengo aurrekontuetako inbertsioen atalak izan duen igoera nabarmena aipatzen ahal da, denera 1.310.000 eurokoa izanen baita; horietarik 440.000 euro udalaren gain eta gainerakoa dirulaguntza desberdinen bidez. Konparaziora 2017an inbertsiotarako denera 339.000 euro bideratu zen.
Inbertsioen artean Oronoz-Mugairen eginen den eskualdeko lanbide heziketa ikastetxe berria egin ahal izateko lurren kalifikazio aldaketa burutzeko 7.260 euro bideratuko da.
Tokiko Inbertsio Planeko proiektuen artean Amaiurko Txisteneko Iturritik ur-biltegirat eta ur-biltegitik baserrietarat ura eramateko 201.500 euro berezi da. Iruritako ur-biltegiaren 4. faserako berriz 154.900 euro. Bertzalde, Azpilkueta eta Zuaztoiko saneamendu, hornidura eta zolaberritzearen proiektuak idazteko eta Sumutsuko eta Urruxkako bideen proiektuak idazteko 79.300 euro zehaztu da. Ziga eta Zigaurreko saneamendu, zolaberritze eta argiteri lanak egiteko, berriz, 437.000 euro.
Gainerakoan Elizondoko eskolaren teilatu berritzeko 30.000 euro onartu dira eta polikoldiko teilatua konpontzeko bertze 18.500 euro. Modu berean, urtero bezala mendi-lanetarako kontu-saila onartu da; aurtengoa 67.800 eurokoa.
Bertze inbertsio aipagarria Baztango bideak zaintzeko erosiko den erretroindusgailu edo erretroeskabadora berria izanen da. Oraingoak urte aunitz ditu eta urtero matxura edo aberia garestiak izaten ditu. Erretroindusgailua erosteko 150.000 euro partida sortu da. Baztanek 1.200 km bide baino gehiago du egunereko bizitzarako aski inportanteak direnak eta horiek behar bezala mantenitzeko aipatu erretroindusgailua beharrezkoa da.
Bertzalde, udalaren zorra 4.773.000 eurokoa izanen da, 2018ko diru-sarrera arrunten %63,91ekoa, legeak finkatzen duen gehinezko %110etik urrun. Orain bederatzi urte Baztango Udalaren zorra 9 milioi euro baino gehiagokoa zen. Ikusten ahal denez kontuak osasuntsuak dira eta ongi egituraturik daude.
Akitzeko, gastu arruntaren atalean ez da aldaketa aipagarririk izan eta aitzineko urteetakoaren iruditsua izanen da.