Haziaren egun ederra ospatu dute Zigan

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 13a, 07:23
Haziak trukatzeko aukera izan zuten Zigara hurbildutakoek.

Haziak elkartrukatzeaz gain, Jakoba Errekondok solasaldia eskaini zuen martxoaren 10ean 

Urte batzuk dira Baztanen Haziaren eguna egiten dena, azkeneko hiruetan gainera, herriz herri aldizkatuz. Horrela, aurtengoa Zigan egin dute, larunbatean;  Zigako Herriaren eta Hazitik Hozie elkartearen artean hain zuzen. 

 

Herriko frontoian hazien trukerako mahaiak paratu zituzten eta herriko haziak eta bertze herrietatik etorritakoenak trukatu ahal izan zituzten:  ilarra, artoa, kalabaza, eguzkilorea…  Ondotik eskolan egin zen mintzaldian Jakoba Errekondok aipatu bezala haziak ura ekarritakoak izan behar dute, hau da, goragotik etorri behar dute, toki zailagoetakoak, ondotik aisago emanen baitute. Horrela, Beartzunen  450 metrotan egindako eta hazien trukerat ekarritako artolandako arto haziak bereziki aipatu zituzten.

Gainerakoan Errekondoren eleketaldian ilargiaren eraginaz aritu ziren, txertaketaz, lurra iraultzeaz e.a. Akaberan Glisofato eta Rondup bezalako  herbizidetaz mintzatu ziren. Errekondok aipatu zuenez minbizia sortzen duten pozoiak dira eta herbizida horiek erretako bazterretako maraguri eta mazukreak ez jateko ohartarazi zuen.

Aurtengo Haziaren Eguna Baztango Agroekologia Eskola Herritarraren egitarauaren barnean egin da eta ondoko asteetan bertze bi hitzordu izanen dira. Martxoaren 22an Glisofatoa-Rondup: inguruaren pozoiketa eta jendeen minbizia mintzaldia izanen da, EHNE sindikatuko Paul Bengoa teknikariaren eskutik. Eta Martxoaren 24an bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia eginen dute Berroetan, Xabier Zabaleta gidariarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun