Gorka Urtasun, Juan Mari Maia eta Joxe Itoizek irabazi dute XVIII. Paxaka txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mar. 12a, 07:16
Txapelketako lau hirukote onenak, antolatzaile eta laguntzaileekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Martxoaren 10eko finalean 9-2 irabazi zieten Oscar Urrutia, Xabier Ripa eta Kaiet Itoiz-i 

Laxoa elkarteak hemezortzigarren aldiz antolatutako paxaka txapelketaren finala jokatu zuten martxoaren 10ean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Gorka Urtasun, Juan Mari Maia eta Joxe Itoizek 9-2 irabazi zieten Oscar Urrutia, Xabier Ripa eta Kaiet Itoiz-i iruritarren arteko lehian. Txapela, bertze behin, Iruritan gelditu zen.

 

Gorka Urtasun – Juan M. Maia – Joxe Itoiz, 9

Oscar Urrutia  – Xabier Ripa  – Kaiet Itoiz, 2

Markagailua: 4-0, 4-1, 8-1, 8-2, 9-2.

Iraupena: 55’.

Nahiz eta emaitza hain garbia, jokoaren aldetik aurreko partida bezain ona izan zen, baina emoziorik gabekoa. Finalean ere jokalari guztiak ongi aritu ziren, batez ere irabazleak. Urtasun izan zen dudarik gabe denen artean hoberena; aspaldi ez zela horrelako erakustaldi bat ikusten: pilota alde batetik bertzera mugitzen kantxaren angelu eta zoko guztiak bilatzen, pilota arrunt zailak itzultzen eta beti bera agintzen; Maia ere ederki bai sakean bai errestoan eta J. Itoizek sarean bere partidarik hoberena egin zuen. Galtzaileak ez ziren urrundik ere gaizki aritu, baina ezin kintzea lortu eta pixkanaka morala galtzen joan ziren.

Aitzinetik, hirugarren postua erabakitzeko norgehiagoka jokatu zen eta agian txapelketako partidarik onena suertatu  zen, goi mailako jokoa eta sekulako emozioa izan zuelako. Sei jokalariak, bikain. Ematen zuen Ballarena, C. Iñarrea eta Etxandi hirukoteak partidari buelta emanen ziola, baina azken bi jokoak galdu eta eta 4. postuarekin kontsolatu behar. 

Manu Irigoien  – Guillermo Etxenike – Miguel A. Iñarrea, 9

Mikel Ballarena – Cesar Iñarrea – Iñaki Etxandi, 8

Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 8-4, 8-8, 9-8.

Iraupena: Ordu bat, 10’.

 

Txapelak eta sariak banatzen Iruritako eta Erratzuko alkateak, Pello Obregozo eta Miguel Etxandi hain zuzen, izan ziren. Eta txapelketari bukaera ona emateko, gero Antxitonean afaria.  

 

SAILKAPENA

1. Gorka Urtasun – Juan Mª Maia – Joxe Itoiz      

2. Oscar Urrutia  – Xabier Ripa – Kaiet Itoiz

3. Manu Irigoien – Guillermo Etxenike – Miguel A. Iñarrea

4. Mikel Ballarena – Cesar Iñarrea  – Iñaki Etxandi            

5. Jon Apeztegia - Ramontxo Etxebeste - Iban Santesteban

6. Ioritz Zelaieta –Iker Bereau– Ugutz Zelaieta

7. Xabi Barberena - Egoitz Prim - Joxe Mª Salaburu

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun