Xorroxin ur-jauziak gero eta bisitari gehiago erakartzen dituela eta honek herrian arazoak sortzen dituela ikusirik, Baztango Udalak lanketa berezituari ekin zion, Erratzuko herriari protagonismoa emanez. Nafarroako Gobernuko zonaldeko teknikariak lagundurik, ur-jauziaren inguruaren antolamenduari buruzko azterketa egitea esleitu zion Bizibiziki enpresari. Azterketa horren oinarria, pleguen arabera, erratzuarren parte-hartzea izan behar zuen, turismo interesgune honek sortzen dituen arazo, aukerak eta balizko irtenbideak identifikatu eta lantze aldera. Hainbat hilabetetan bilerak burutu zituzten, ibilbide berri bat landu zen eta proba pilotoa burutu zen herrian: erratzuarren parte-hartzea nabarmena izan zen (errate baterako, 80 lagun inguru izan ziren bileretan, eta 60 batek parte hartu zuten proba pilotoan). Aitzinerat begira lanketa segitzeko asmoa dago, betiere modu parte-hartzailean.
Hasiera-hasieratik Baztango Udalak turismo afera honen lanketa herritarren parte-hartzean oinarritzea erabaki izanak eta Erratzuko herriak izandako inplikazioa handiak Aktibatu jardunaldiaren antolatzaileen atentzioa erakarri dute, eta hortaz, nabarmentzeko esperientzia bezala aurkeztu nahi izan dute, Lizarrako eta Ingalaterrako Todmorden herrikoekin batera. Baztandarren aurkezpenak gainera, interes handia sortu du Jardunaldien parte-hartzaileen artean.