Gaztelu taldeak eta Mendi abesbatzak kontzertua eskainiko dute otsailaren 24an Amaiurren

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ots. 21a, 11:32

Larunbat arratseko zortzietan elizan

Amaiurko Gaztelu taldearen eta Doneztebeko Mendi Abesbatzaren kontzertua hartuko du Amaiurko elizak otsailaren 24an, larunbat arratsaldeko zortzietan hasita. Kontzertuaren lehen zatia Gaztelu taldeak abestuko du, eta ondotik Mendi Abesbatzak bertze hainbertze eginen du. Kasu honetan, eta Amaiurko elizako organu berezia nabarmendu asmoz, azken kantetan instrumentu horrexen laguntza izanen dute abeslariek, Ruth Etxebeste organu joleari esker.

 

Kontzertua larunbatean  20:00etan izanen bada ere, bi abesbatzak arratsaldeko lehen orduan elkartuko dira elkarrekin kanta berriak lantzeko tailertxoa egin asmoz, eta ahal izanez gero, horietakoren bat kontzertuan eskainiko dute.

 

Egitaraua

Gaztelu taldeak, Fernando Cortijoren zuzendaritzapean Nafarroa arragoa (Xabier Lete), Hiru txito (herrikoa), Oi Lur (Benito Lertxundi) eta Herribera (Benito Lertxundi) abestuko ditu. Kantu guztiak, Fernando Cortijo beraren moldaketekin.

Ondotik, Mendi Abesbatzak, Jon Iratzokiren zuzendaritzapean, Agurra (herrikoa), Hallelujah (Leonard Cohen), Itsasoa Gara (Xabier Sarasola), Aritz adarrean-Kattalin (Julen Ezkurra), Haurrak lotaratzeko soinua (herrikoa), Tu es Petrus (Hilarión Eslava) eta Salve Regina (Jesús Sorozabal) abestuko du.

Bakarlari moduan, Bixi Ameztoi eta Alicia Telletxea sopranoak, Ruth Etxebeste piano eta organu jolea, Itziari Irigoien txistularia eta Gorka Fuentes eskusoinu jolea ariko dira. 

 

Amaiurko organoa

Amaiurko Elizako organuari dagokionez, azpimarratzekoa da 2002an Nafarroako Gobernuak Kultura-Intereseko Ondasun izendapena eman ziola. Organu erromantikoa da, Cavaille-Coll organugile entzutetsuarena eta Amaiurren badago ere, bere lehendabiziko kokalekua Elizondoko Parrokia izan zen. 1919an eraman zuten Elizondotik Amaiurrera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun