Balleko Etxean otsailaren 20an egindako aurkezpenean, Joseba Otondo Baztango alkatea eta Hazitik Hozie elkarteko kideak aipatu dutenez, «bigarren urtez, Baztango Agroekologia Eskola Herritarra eginen dugu Baztanen. Eskola honen helburua herritarrak agroekologiarat hurbiltzea da. Agroekologiak etorkizuna erran nahi du. Agroekologia jaten dugunaz kezkatzea da, jatekoak produzitzeko teknika eta moduetaz ardura hartzea, lan-harreman eta bizi-baldintza justuak bulkatzea, ingurugiroa eta osasuna zaintzea, landa-eremu bizien alde lana egitea. Gaur egun nagusi den produzitzeko eredu industrial eta intentsiboarekin nekazariak hankapean hartzen dituzte, kontsumitzaileak jateko eskasekin bazkatzen, landa-eremuak desegituratu eta husten; ingurunea pozoitzen. Bizia maite dugulako, eredu aldaketa bulkatu beharra dago, agroekologiaren bidea ibili».
Ildo horretatik, iaz, Baztango zortzi elkarte eta erakunderen ekimenak koordinatu eta Baztango Agroekologia Eskola Herritarraren izenburupean egitarau bateratua eskaini zuten. 120 herritarrek parte hartu zuten ekitaldietan. Alde horretatik, bai edukietan bai parte hartzean balorazio positiboa egin dute.
Aurten elkarte eta erakunde gehiagok parte hartuko dute eta eskaintza ia osorik berritu ahal izan dute, «agroekologiaren aukerak mugagabeak direnaren erakusle». Hazitik hozie, EHNE, Lekarozko Legate elkartea, Elizondoko Aise eta Erlategi elkarteak, Berroetako Gure ametsa elkartea, Anizko Mendiarte elkartea, Anizko herria, Zigako herria, Berroetako herria, Elizondo herria eta Baztango Udala dira parte-hartzaileak.
Haziaren Eguna martxoaren 10ean Zigan eta bertze hainbat ekitaldi
Hazitik Hoziek antolatzen duen Haziaren Eguna Zigan eginen dute aurten martxaren 10ean, Zigako herria ere antolaketan lagun dutela. Larunbat goizeko 10:30ean hazien trukea eginen dute. 12:30ean Jakoba Errekondorekin mintzaldia.
Solasaldia: Glisofatoa-Rondup,inguruaren pozoiketa eta jendeen minbizia
Martxoaren 22an, Elizondon, Arizkunenean, 19:30tan. Elean Paul Bengoa EHNEko teknikaria
Bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia
Martxoaren 24an, Berroetan, 9:00tan; gidaria: Xabier Zabaleta
Garagardo ekologikoa egiteko ikastaroa
Apirilan, Aise elkartean, Elizondon
Gasnagintza ikastaroa
Maiatzaren 12an, Elizondon, Autxitxia gasnategian. Irakaslea Ramon Agirre
Larraldea sagardotegi eta sagardi ekologikorat ateraldia
Ereiaroan, Lekarozen. Gidaria: Jesus Angel Garcia
Asteburu mikologikoa
Buruila-urrian. Ibilaldia, erakusketa eta dastaketa. Elizondon
Inguruen izenak eta toponomia ezagutzeko ibilaldia
Urrian Antzanborda-Berro aldean, Elizondon.
Azaroan Aniz inguruan.
Zerri mondonga ikastaroa II
Abenduan. Aurten patea, saltxitxoia eta odolkiari buruz. Irakaslea Lorentzo Sarratea
Ogi ekologikoa egiteko ikastaroa
Abenduan. Irakaslea Xabier Akizu.